Baserritar Misto Profesionala ekimena aurkeztu du Aldundiak Elgoibarren

Barren 2024ko aza. 4a, 15:25

Lehen sektorean jarduera profesionala garatu nahi duten pertsonei laguntza ematea da Baserritar Misto Profesionala egitasmoaren helburua, "enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko, prozesu honetan bi lanak uztartuz".

Debabarrenako herritarrei egitasmoa aurkezteko informazio-saioa egin zuten urriaren 31n, Aita Agirre Kulturgunean, eta 40 bat lagun batu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamentuko ordezkariek Baserritar Misto Profesionala ekimenari buruzko informazioa eman zieten.

Aldundiak lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko helburuarekin jarri du abian. Ekimen honen bidez, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi diete, enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko, prozesu honetan bi lanak uztartuz. Horretarako, % 50eko lanaldi-murrizketa proposatzen du ekimenak, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin bateragarri egin ahal izan dezan modu profesionalean, diru-sarrerak bi jardueretatik etor daitezen.

Bete beharreko baldintzak

Egitasmoa 18 eta 55 urte bitarteko herritarrei zuzenduta dago, eta parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da kontratu mugagabea nahiz lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea.
Azaldu dutenez, bazkide langileen kasuan, 10 bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Langile berrien kasuan, lan-kontratu mugagabe berriek lanaldiaren %50 izan beharko du. Enpresen kasuan, berriz, haien jarduerak ez du lehen sektoreari lotuta egon beharko.

Programa honek sei urteko iraupena izango du eta Aldundiak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritar nahiz enpresei lanaldi murrizketari aurre egiteko.

Lurraldeko bost herritan egin dituzte Elgoibarkoa moduko informazio saioak, baina informazio osoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean (gipuzkoa.eus/baserritarmistoprofesionala) dago ikusgai, eta harremanetarako helbide elektronikoa ere jarri dute: bmp@gipuzkoa.eus.

Debabarrenako herritarrei egitasmoa aurkezteko informazio-saioa egin zuten Elgoibarren. Arg: G.F. Aldundia