Xanduli, manduli, kirrikiki... zer daukazu emateko guri? esaldia erabiltzeak saria izango du Gaba beltzean

Barren 2024ko urr. 30a, 15:21

Gaba beltzean eskean jardun nahi duten umeei Xanduli, Manduli, Kirrikiki.. zer daukazu emateko guri? esaldia erabiltzeko eskatu dute antolatzaileek. Elgoibarko dendetan esaldi horrekin eskean aritzen direnei poltsa bat oparituko diete (argazkikoa).

Oier Araolaza antropologo eta dantzariak dioenez, Euskal Herriko eta, oro har, Europako kultura tradizionalari begiratzen badiogu, konturatuko gara bi aro nagusitan bereizten dela urtea: negua eta uda. "Festa zikloak ere horiei oso lotuta daude. Neguko festak, esaterako, Domu Santu Egunarekin hasten dira, Inauteriak arte. Herritarrok, ordea, jai horiek ez ditugu ziklo bereko festak bezala identifikatzen; bakoitza bere horretan bakarra eta gainontzekoenganik desberdina balitz bezala ulertzen dugu. Kuestazioa edo eskea da neguko festen ezaugarri nagusietako bat; nahiz eta mozorroa aldatu, Halloween edo Arimen Gauak, San Martinek, San Tomasek, Olentzeroren eskeak, Santa Agedak eta Inauteriek, denek eskea dute oinarrian".

Beraz, kuestazioa edo eskean ibiltzea, gure jaiekin oso lotuta dagoen ohitura da eta antzina, Animen Gauaren ospakizunean ere eskean irtetzen ziren, baina, garai hartan, intxaurrak, gaztainak, sagarrak eta halakoak ematen zizkieten.

Poltsak eta piruletak

Gaur egungo umeek ere ondo ikasi dute eskean ibiltzen, eta Gaba Beltzean eskean jarduteko esaldi proposamena ere badute Elgoibarren Gaba beltza antolatu dutenek. Oier Araolazaren Xanduli, Manduli, Kikirriki... eman goxokiak guri! esaldia moldatu dute eta Xanduli, Manduli, Kirrikiki.. zer daukazu emateko guri? da euren aukera, umeek euskara erabil dezaten festa honetan.

Txankakua merkatarien elkarteak bat egin du ekimenarekin eta hogei bat dendatan piruletak banatuko dizkiete eskean joaten diren umeei. Eta, aipaturiko esaldia erabiltzen duten umeei telazko poltsa bat ere oparituko diete, gozokiak bildu ditzaten. Antolatzaileek era horretako 500 poltsa banatuko dituzte establezimenduetan. Bat egin duten establezimenduen kanpoaldean edo erakuslehioan kartel bat egongo da, umeek jakin dezaten barruan poltsak eta piruletak eskuratu ahal izango dituztela. 

Irudikoa moduko kartelak dauden dendetan eskatu ahal izango dira goxokiak.

Herriko kaleak gaba beltzerako girotuta.