Gau beltza, bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei deitzeko eguna izango da urriaren 31koa

Barren 2024ko urr. 29a, 16:02

Gau beltza Elgoibarren eta Arimen gaua Mendaron. Deitura desberdinekin, baina udazkeneko jai bera ospatuko dute batean zein bestean, urriaren 31 iluntzean.

Gaba beltza antolatu dute Elgoibarren, Inazio Bereziartua musika eskolak, Udal Ludotekak eta Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Sailak urriaren 31rako, herriko beste zenbait eragilerekin lankidetzan. Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan Europa osoan ospatu izan den jaia da Gaba beltza, deitura ezberdinekin bada ere. Euskal Herrian ere badira kontakizunak kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak, bizilagunak beldurtzeko eta hildakoen arimei bidea erakusteko. Erritu horietako batzuk galtzen joan dira, egiten zirenaren ezagutza ere ia galtzeraino, eta horietako batzuk berreskuratzeko eta berriak sortzeko ahaleginean ari dira eragile asko herriz herri, tartean Elgoibarren Gaba beltza antolatuko dutenak. Eta asmo horrekin irtengo dira aurten ere kalera, trapu zaharrekin mozorrotuta.
Urriaren 31n, ibilbide beltza osatuko dute. 20:00etan hasiko dute Kalegoen plazan eta Maalan bukatuko dute. Aurrez, baina, mozorrotze eta atontze tailerra egingo dute Kalegoen plazan. Etxean mozorrotu nahi duenak gaubeltza.eus webgunean topatu dezake mozorroen inguruko informazioa. Ilundutakoan, kanpaiek iluntzeko zortzirak jotzen dutenean, hasiko dute arimen segizioa, eta Maalara arteko bidean geldialdiak egingo dituzte, dantzarako. Txistulariek, Uluka batukada taldekoek, Atabalekoek eta Udal Gaztelekukoek ere parte hartuko dute. Bukaeran, txokolatea banatuko dute Maalan. Antolatzaileek aurreratu dute gaua magikoa izango dela eta bidean sorpresak izango direla.

 

Mendaron, Arimen Gaua

Arimen gaua izenarekin ospatuko dute Mendaron udazkeneko jai hau. Urriaren 31rako, 17:00etatik aurrerako, eskulanak egiteko eta aurpegiak margotzeko tailerra antolatuko du Arno Guraso Elkarteak, Udalaren laguntzarekin. Era berean, photocalla ere jarriko dutela zehaztu dute, bai eta diskoteka ere.

Gauerako, berriz, Deabru Beltzak taldearen kalejira dauka iragarrita Mendaroko Udalak, 22:00etarako. Su danborrak ikuskizunarekin etorriko dira Deabru Beltzak taldekoak. Aker deabrua erabiliko dute, kalez kale, perkusio-joleen segizioa atzetik duela. Zuzeneko musika, piroteknia eta efektu bereziak batzen ditu ikuskizunak.
Azaroaren 2 eta 3rako, berriz, eskulanak egiteko tailerrak, jolasak eta Ataun of the dead filma proiektatuko dute, Gaztelekuan. 18:00etan hasi eta 20:00ak arteko egitaraua izango da.