Anarik kontzertua emango du Elgoibarren Euskararen Egunean, eta zapatuan jarriko dituzte salgai sarrerak

Barren 2024ko urr. 30a, 12:47

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, emango du kontzertua Anarik Elgoibarren. 

Anari Alberdi musikari azkoitiarrak eta bere taldeak 1996an kaleratu zuten lehen diskoa, ´Anari´ izenarekin, eta, harrez gero, iraupen luzeko beste sei disko kaleratu dituzte. Giza zarata izan da azkena, eta disko hori aurkeztuko dute Elgoibarko Herriko Antzokian, abenduaren 3an, 19:00etan. Kontzertuaren atarian, euskarari lotutako poesia-irakurraldia izango da. 
Anariren kontzerturako sarrerak azaroaren 2an jarriko dituzte salgai, 10 euroan (3 euro gazte txartela dutenek), online, herrikoantzokia.eus webgunean. 
Ander Mujika musikari elgoibartarra da Anariren taldeko kideetako bat, Xabier Olazabal (baxua), Mariano Hurtado (pianoa eta organoa), Xabi Etcheverry (arrabita, gitarra, teklatua eta ahotsa) eta Mikel Txopeitiarekin (bateria) batera.
Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak antolatu dute Euskararen Eguna musikaz girotuko duen emanaldia.

Anarirekin solasaldi musikatua egin zuen Elgoibarko Musikarien Elkarteak, joan den ekainaren 5ean, Sotoan. Hona, han abestu zuen abestietako bat: Vesna Vulovic

Hona Troiako zaldia, Giza zarata diskako lanetako bat: