Anari ezagutzen ez duenak ez du euskal musika eta letragintzako erreferenteetako baten hutsunerik sentituko, hortxe biziko da ezjakintasunaren lasaitasunean; nahita edo baten batek bultzatuta, intentzio osoz edo kasualitatez, Anariren kantaren bat entzuten duen arte. Anarik jarraitzaile fidelak ditu, disko berria gogoz itxarongo dutenak eta kanta zaharrei beste irakurketa bat emango dietenak. Egiari zor, zaila da hortik irtetea, eta esango nuke abestiez gain, haren hitzek ere aise harrapatu gintuztela Sotoan batutako elgoibartarrak ere.
Ez da askotan izaten elkarrizketa musikatu batez gozatzeko aukera. Horrela bizi dugu mundua: elkarrizketa edo musika. Halakoetan konturatzen gara zein ederrak diren muga lausoagoak. Anarik berak ere, bai banda eta bai kantautore, muga horretan kokatzen du bere burua, bandautora izenpean, bakarlari izateko bandak pisu handiegia eta banda izateko bakarlariaren printza presenteegi. Zertarako aukeratu?
Muga lauso horietan kokatuz pasa zuen Anarik Azkarate, Azkoitia eta Elgoibarren arteko muga naturala lausotuz. Bandaren parte den Ander Mujikaz gain, baditu gure herrira itzultzeko arrazoiak. Izan ere, besteak beste Unai Argarate elgoibartarrari zor omen dio Anarik musikari gisa bere ibilbidearen hasiera. Hasierek dakartzaten emozioak emozio, artisten ibilbideak ezinbestean du eboluziotik, eta Anarik bere hastapenetako sorkuntzan %90 imitazioa eta %10 berak sortua zela defendatzen du, eta hain zuzen horixe dela gakoa, urteak, kantak eta letrak pasa ahala, norberarena %90 eta imitazioa %10 izatera iristen bada behintzat. Balantza bere lekura hartzen hasi zenean sorturiko kanta izan zen gozatu genuen lehena, ariketa estetikotik inflexio puntu izatera pasa baitzen bere sorkuntza Aingura Hegodunak kantarekin batera.
Nahiz eta zenbaitetan musika, poesia eta sorkuntza gozagarri gisa ulertzen ditugun, Anarik Habiak diskoarekin batera utzi zituen narrazio pertsonal tristeak, eta bere ibilbidean datorren Anari horrekin konektatzen saiatu da harrezkero, modu ederrean eskainiz bere buruari behin sendatuta eginiko diskoa, eta disko bat kaleratzea bera ere halabeharrez pasa behar dela zauritik dio azkoitiarrak.
Nork bere bizitzan nork bere modura kokatuko du, ordea, Anariren musika, eta badakigu askoren bidelagun izan dela, zaurietan eta une ederretan. Garrantzi berezia ematen die Anarik letrei, Atxagaren Etiopia edo Ziutateaz erreferentzia moduan hartuta, poesia esentzia eta indar nuklear moduan ulertzeak eraman du bere poesia dagoen lekuan kokatzera, indar nuklear hori izan baitaiteke piromana bati buruzko notizia bat, luizi bat edo aulki huts bat.
Ibilbide oparo baten ostean disko berri bat kaleratzeak dakarren beldur bat izan da gaien edo letren errepikatzea, eta hain zuzen bide baten mozketa egiten saiatu da Anari atera duen azken diskoan. Giza zarata diskoko Inmolazioa kantan esaten du “munduari su emateko gogoa sartzen zaizu, balkoira atera eta zigarro bat pizten duzu”, eta erretzen ez duen Anariri zigarro hori piztearekin batera piztu zitzaion espektro narratibo infinitu bat. Ederra behar du izan abiapuntu horrek.
Azken diskoko letren eta gaien politizazioa erabat bilatu du Anarik. Gizarteak feminismoan izandako bilakaerak berari eta bere sorkuntzari emandakoa aipatzen du, Amua kantak mahai gainean jartzen duen amatasun-ez amatasunaren gaia kanta politiko moduan entzuten duen publikoa da Anarirena, eta Giza zaratarekin pertsonala ez den horren politizazioa ere nabarmendu nahi izan du. Diskurtso kontziente horretatik idatzi zuen Kontinente zaharra, horrekin batera azpimarratuz genozidioa eta feminizidioa maila berean jartzeak feminismoari ematen diot dimentsio politikoa.
Politizazio horretatik tiraka oparitu zigun elkarrizketa musikatua bukatzeko Vesna Vulovic kanta, berak ere bera orain denari egindako oparia. Orfidentalak izan zen beretzat bizitzaren autorretratu bat, eta bigarren hau sortzea izan da 50 urteren bueltako emakumeei egindako bat, ironiatik eta autoironiatik, gizarteak ahazten dituen emakume horiei lekutxo bat eginez.
Elkarrizketa musikatua Anariren musikara hurbildu ez denarentzat horretarako bide ederra izan zen, baita artista azkoitiarraren musikaz gozatzen duenak musika eta letrei beste dimentsio bat ematekoa ere. Musika eta poesia batzen dituzte Sotoan jotako Aingura Hegodunak, Orfidentalak, Efemerideak, Piromania, Troiako Zaldia eta Vesna Vulovic kantek, eta beste horrenbeste Anariren diskografia osatzen duten gainontzeko doinuek. Abestia entzuleak ere osatzen duenez, ez dago modu hoberik elkarrizketa musikatu honi zentzua emateko Anariren kanta eta letrak nork bere egitea baino.