Tokiko lurretan zuhaitz autoktonoak landatzeko dirulaguntza deialdia zabaldu du Elgoibarko Udalak

Barren 2024ko ots. 12a, 16:23

Bertoko zuhaitz espezieak landatzea sustatzeko diru-laguntza lerroa jarri du abian Elgoibako Udalak, eta zabalik dago eskaerak aurkezteko epea.

Ingurune naturala eta tokiko biodibertsitatea kontserbatzen laguntzea du helburu laguntzak eta 2023ko azarotik 2024ko martxora arte egindako landaketak izango ditu kontuan. Dirulaguntza honen helburu nagusia da Elgoibarko lurretan zuhaitz autoktonoak landatzea sustatzea, zuhaitz-espezieak kontuan hartuta (ikus zuhaitz espezien zerrenda beherago). Landaketak 2023ko azaroan eta abenduan eta 2024ko urtarrilean, otsailean eta martxoan egin behar dira.

Dirulaguntzaren zenbatekoa 2 eurokoa izango da landatutako ale bakoitzeko, hektarea bakoitzeko 1.000 euroko gehieneko mugarekin. Hautagarriak izateko, landatzeko lursailek hektarea erdiko (5.000 m²) azalera izan beharko dute gutxienez.
Bertoko flora babesteko konpromisoarekin bat etorriz, hektarea bakoitzeko gutxienez 500 ale landatzea eskatuko du Udalak. Hala ere, justifikatutako kasuetan, zuhaitz kopuru txikiagoa diruz laguntzeko aukera hartuko dute kontuan, "bereziki basoaren hazkunde naturala badago".
Gainera, ezarritako baldintzen barruan, landatutako aleei babes egokiak eman beharko zaizkie, haien garapen optimoa bermatzeko.

Eskaerak apirilaren 5a baino lehen gauzatu behar dira www.elgoibar.eus atarian. 
Elgoibarko Udalak ekimen honetan modu aktiboan parte hartzera animatzen ditu herritarrak, bertako natura-ondarea hobetu eta zaintzeko.


ZUHAITZ ESPEZIE AUTOKTONOAK
   • Astigar arrunta 
   • Haltza 
   • Gurbitza
   • Urkia 
   • Gaztainondoa 
   • Zuhandorra 
   • Hurritza 
   • Elorri zuria 
   • Basaerramua 
   • Pagoa 
   • Zumalakarra
   • Lizar arrunta 
   • Gorostia
   • Erramua, Ereinotza 
   • Arbustu arrunta 
   • Sagarmina 
   • Gartxu hostozabala 
   • Lertxuna 
   • Gereziondoa 
   • Portugal erramua 
   • Oilarana 
   • Elorri beltza 
   • Makatza, Udareondoa 
   • Ametz ilaunduna 
   • Erkametza
   • Artea
   • Haritz kandugabea 
   • Ametza 
   • Haritz kanduduna 
   • Artelatza 
   • Txorbeltza 
   • Otsapagoa 
   • Zume zuria 
   • Sahats iluna 
   • Ahuntz-sahatsa 
   • Zume hauskorra 
   • Zume gorria 
   • Intsusa beltza 
   • Hostazuria 
   • Hagina 
   • Ezki hostozabala 
   • Zumar hostozabala 
   • Otsalizarra