Altzolako bizilagunek Arartekoaren bulegoan defendatu dute tren geltokia

Barren 2024ko urr. 23a, 16:06

Geltokia Bai plataformakoen protesta ekitaldia, joan den ekainean, Altzolako tren geltokian.

Altzolako tren geltokiaren aldeko plataformako kideek bilera izan dute Arartekoaren bulegoan, Gasteizen. 

Manuel Lezertua Arartekoa bera Estrasburgon zegoenez, Faustino Lopez de Foronda (idazkari nagusia), Carlos Barcina (hirigintza eta ingurumena), Miren Bruño (herri lan eta garraio saila) eta Iosune Etxeberriarekin (teknikaria) batu ziren. 1997tik gaur egunera arte Altzolako tren geltokiaren inguruan izan den bilakaera azaldu zieten plataformako kideek bi orduko iraupena izan zuen bileran, eta azalpenen ondoren, bi jardunbide irekiko zituztela erabaki zuten:

  1.  Euskal Trenbide Sareak hasierako proiektutik estazioa ezabatu zuen 12 hilabeteetan herritarren partaidetzarik ez izatea. "Parte-hartzea herritarrok dugun eskubidea da, eta administrazio publikoen betebeharra da prozesu horiek abian jartzea", adierazi dute plataformako kideek. "Aipaturiko betebehar horiek ez ziren bete ETSk hasierako proiektutik geltokia kentzeko azterlana garatzen eman zituen 12 hilabeteetan", adierazi dute.
  2. Geltokia ezabatzen duen proiektua Euskal Herriko Boletin Ofizialean ez argitaratzea. Izan ere, horrek herritarrei alegazioak aurkeztea galarazi zien. "Zalantzarik gabe, egingo genituen, proiektu honetan geltokia ezabatzen dela jakin izan bagenu. Erakunde publikoen betebeharra da boletinaren bidez herritarrei jakinaraztea aurreko proiektuarekiko funtsezko aldaketa dakarten proiektuak. Trenbidearen ibilbidea aldatzeko aurrez egon ziren bi proiektuei buruzkoak argitaratu zituzten bezalaxe", esan dute. Gainera, euren ustez, pisuzko arrazoi bat egon behar da Altzola geltoki gabe lagatzea moduko aldaketa bat eman dadin. "Kasu honetan, ez dago oinarririk, sendoa behar lukeenean. Ez dago erabaki hori justifikatzen duen txosten bakar bat ere".

Plataformako kideek Elgoibarko alkate izandako Ane Beitiak prozesu honetan izan duen paperean ere jarri zuten fokua Arartekoaren bulegoan. "2015ean Altzolako geltokia kentzea aurreikusten zuen trenbidea aldatzeko proiektua jaso zuen, eta ez zuen ezer egin 2022ra arte, behin betiko proiektua iritsi zen arte. Gainera, 2023ko hauteskundeak baino hilabete batzuk lehenago plataformako hiru kideri esan zien urte horretara arte (2022) ez zuela jakin Eusko Jaurlaritzak proiektutik geltokia ezabatu zuenik, horren berri 2015eko txostenean jasota zegoen arren. Arartekoarenean zeharo harritu ziren honen berri eman genienean".

Aurrera begira, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuari eskatuko diote bilera. Geltokia mantentzearen aldeko 6.000 sinadura baino gehiago bildu ditu plataformak, eta Altzolako tren geltokia ez kentzeaz gain, geltoki berri eta irisgarria egitea dute helburu. Diotenez, Arartekoaren espedientearekin edo espedienterik gabe bilduko dira Chuecarekin. Gogora ekarri dutenenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin zuten agerraldian egon zen Chueca, mugikortasun eta turismo batzordeko bozeramailea baitzen. "Hortaz, ondo ezagutzen ditu egoeraren nondik-norakoak".

Ildo beretik, Elgoibarko Udal arkitektua den Aloña Urteaga geltokia mantentzearen alde dagoela azaldu dute plataformatik. "Eusko Jaurlaritzari 2022an bidalitako bi txostenetan halaxe adierazi zuen: Altzolan tren geltokia kentzea auzoa biziberritzeko eta suspertzeko politiken aurka doa. Izan ere, Altzola Eremu Degradatua izendatua dago 1999. urtetik. Gainera, udal arkitektoaren ustez, teknikoki posible da geralekua gaur egun dagoenetik metro batzuetara eraikitzea". 

Elkarturen txostena

Gutxitasun fisikoa duten Gipuzkoako pertsonen federazioari, Elkarturi, Altzolako geltokiaren irisgarritasunari buruzko azterketa egiteko eskatu zieten plataformakoek, eta dagoeneko jaso dute ondorioak jasotzen dituen txostena. Azterlanak jasotzen duenez, geltoki hori "mugikortasun urriko pertsonentzat erabat eskuraezina" zela adierazi zen 2008an egin zuten azterlanean ere. "Urte hartan Gizlogak, garraioa eta logistika garatzeko herritarren eta enpresen foroak, Gipuzkoako garraio publikoaren irisgarritasuna aztertzeko lana gauzatu zuen, eta bost geltoki identifikatu zituzten leku helezinak zirelakoan, eta horietako bat zen Altzolakoa, Ardantza Eibar, Azitain Eibar, Arroa eta Gaintxurizketako geltokiekin batera. Mugikortasun urrituko pertsonentzat erabat eskuraezinak dira, eta batzuk edonorentzat". 

Txostenean jaso dutenez, eskailera-maila tarte bat eta % 10etik gorako malda duen arrapala bat egotea, -legean ezarritako muga (% 2) aise gainditzen duena-, dira Altzolaren irisgarritasun-egoeraren bi kritika nagusiak, mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak aparkatzeko gunerik ez egotearekin batera.

Gainera, zehazten dutenez, Altzolan mugikortasun urriko pertsona "dezente" daude. "Zehazki bizilagunen %17 sar daiteke izendapen horren barruan, 3 urtetik beherako umeak, 70 urtetik gorakoak eta desgaitasun bat dutenak kontuan hartuta". Elkartukoen ustez, 2024. urtean egonda, bada ordua egin beharreko egokitzapenak egiteko, Altzolako geltokia herritar guztientzat irisgarria izan dadin.

Elkartukoek honela azaldu dute irisgarritasuna herritar guztiengana iristeak duen garrantzia: "Garrantzitsua da kontuan izatea mugikortasun urria duen pertsona batek leku batetik bestera mugitzeko beharra duenean, helburura iristeko izan dezakeen arrakasta itxaropenaren arabera hartzen duela batera edo bestera mugitzeko erabakia. Eta, zalantza izpirik badu, atzera egingo du, ez du bide horretatik egingo, eta eonez gero, bide berriak topatzen saiatuko da. Ezintasuna eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, zalantza horren sotiltasunean ezkutatzen da sarritan diskriminaziorik larriena. Horregatik du berebiziko garrantzia irisgarritasun-jarduerak gauzatzeak".