Puro Relajok zapatuan emango du sanbartolomeetan emateke geratu zen kontzertua

Barren 2024ko urr. 22a, 16:50

Euskal Herriko jai, antzoki eta plaza ugaritan jo du Puro Relajo mariatxi talde Nafarrak -aurten 126 emanaldi dituzte hitzartuta-, eta Elgoibar ere ondo ezagutzen dute.

2021ean Elgoibarko Herriko Antzokian eman zuten kontzertua eta hurrengo urtean Kalegoen plaza jendez gainezka zela eman zuten zuzenekoa, 2022ko sanbartolomeetan. Iaz, berriz, Maalako parkean aritu ziren, Kintoen Eguna musikaz girotuz. Hala, herriko eszenatoki ia denak probatu dituztela esan daiteke. Joan den San Bartolome jaietan ere eman behar zuten kontzertua Kalegoen plazan, baina eguraldi-iragarpenak ekaitza ematen zuela-eta, bertan behera laga zuten kontzertu hura. Emateke gelditu zen kontzertuarentzat data berria aukeratu du Elgoibako Udalak eta urriaren 26a, zapatua izango da hori. Oraingoan ez dira zerura begira egon beharko, Maalako parkean izango baita, aterpean. 19:00etan hasiko da. 
 Zangozaldea eskualdeko Oibar (Nafarroa) herrian sortu zen Puro Relajo, 2013an. Mexikoko doinu klasikoenetatik hasita, euskal abesti ezagunak ere eskainiko dituzte.

Puro Relajo taldekoak Maalan, iazko Kintaden Egunean. Arg: Joserra Cabrera.