2018an egin zuten aurrenekoz Kintoen Eguna. Herritar batzuen ideia izan zen, horrelako beste ideia asko bezala jai giroan eta lagun artean, "modu informalean" sortutakoa. "Jai honen helburua da herritarrek herriarentzat jai giroa sortzea", azaldu zuten sustatzaileek. 2019an egin zuten jaia bigarrengoz, baina pandemiak eten zuen ospakizuna. Aurten berreskuratu dute eta herritarrek erantzun diote festarako deiari. Deitzaileek jakinarazi dutenez, 20 taldetik gora izan dira aurten, talde bakoitzean lehen bi edizioetan baino lagun gutxiago izan direla zehaztu badute ere. Horietako asko Kalegoen plazan batu ziren zapatu eguerdian, argazki ofiziala ateratzeko. Gero, kinto bakoitzeko taldea bere kontura ibili zen, baina denek berriro elkartzeko aukera izan zuten, gauean, Maalako parkean. Izan ere, Puro Relajo taldearen kontzertua antolatu zuen Udalak. Estreinako Kinto Egunean ere, 2018an, eman zuten kontzertua Maalan, eta orduan moduan, oraingoan ere jendetza batu zuen Oibarren sortutako taldeak. Euren zuzenekoetan egin ohi duten moduan, rantxerak, corridoak, doinu latinoak eta euskarazko klasikoak jo zituzten.