Finalean ezin, Arrizabalagak eta Epeldek

Barren 2024ko urr. 22a, 11:50

Iker Epelde eta Kepa Arrizabalaga txapeldunordeentzako oroigarriekin, Irun Hiria Pala Txapelketako finala jokatu ostean. Arg: Utzitakoa

Irun Hiria Pala Txapelketaren finala jokatu zuten zapatuan Kepa Arrizabalaga elgoibartarrak eta Iker Epelde azkoitiarrak, baina ezin izan zuten gauza handiegirik egin kolore bakarrekoa izan zen finalean.

Parekotasun handia egon da abuztu bukaeratik Irungo Uranzu pilotalekuan jokatu duten txapelketan, eta Lehen Mailako bi finalerdiak ere tanto bateko aldeaz erabaki ziren. Hala, finalerako ere lehia estua eta bizia aurreikusten zuten palistek eurek; baina, usteak erdi ustel, Hodei Arregi eta Mattin Garbisu jaun eta jabe izan baitziren. 25-9ko emaitzarekin gailendu ziren.

Aurkarien nagusitasuna onartu du Arrizabalagak. "Egin zituzten jokaldi guztietan asmatu zuten, sekulako eraginkortasuna erakutsiz, eta lehiatzeko aukera gutxi eduki genituen guk", azaldu du Lagunak Pilota Eskolako ordezkariak. Txapelketa honetan Iker Epelde izan du bikotekide, Oteiza Pilota Kirol Elkarteko palista azkoitiarra. 

Kurpil Kirolak elkarteak antolatzen du Irun Hiria pala txapelketa eta 28 bikote aritu dira lehian txapelketaren 17. edizioan: hamabi bikote lehen mailan eta hamasei bikote bigarren mailan. Abuztuaren 31n hasi zuten txapelketa eta joan den zapatuan amaitu zen, bi mailetako finalak jokatuta.