Umea galtzen duten familiak une horretan oso galduta egoten direla esan dute. Zertan laguntzen diezue Mendaroko Ospitalean?
Gainerako dolu prozesuetan bezala, lehenengo fasea shock egoera izaten da, eta egoera horretatik irteten laguntzen diegu. Oso galduta egoten dira. Espazio bat behar izaten dute beraien emozioak azaleratzeko ere, dolu prozesu horretan azaltzen direlako hasieran tristura, gero amorrua eta haserrea... Dolu guztiak bakardadean pasatzen dira normalean, baina haurrengatiko dolua are bakartuago eramaten da. Jendeak ez ditu konpartitzen heriotza horiek, askotan familian ere ez dira kontatzen eta bakardadean egiten da dolua. Heriotza bera, oro har, isilean eramaten da, ez zaigu gustatzen heriotzari buruz hitz egitea, baina hil dena ume bat denean, orduan eta gutxiago kontatzen da. Umeen heriotza denontzat da gogorragoa, baita profesionalontzat ere. Adinekoen heriotza onartuago daukagu denok, baina umeen galera mingarriagoa da, eta horregatik segitzen du gai honek tabu izaten.
Umea galdu berri duen familiari, zein gomedio ematen diozue?
Familia bakoitzak erabakitzen du une horretan zer egin nahi duen, baina Mendaroko Ospitalean badaukagu protokolo bat eta hori azaltzen zaie. Guk gomendatzen dugu umea ikustea, argazkiak egitea eta despeditzeko tartea hartzea, bestela, denbora pasatzen denean ikusi ez izanaren pena agertzen da. Umea oroitzeko zerbait edukitzea positiboa da, eta horretarako oroitzapen kaxatxoak prestatzen dira. Haurrari agurra egitea
ere gomendatzen diegu, gainerako heriotzetan egiten den bezala, zauri hori ixteko. Dolu batean tristura onartu eta kanporatu egin behar da. Gaur egun badirudi beti pozik egon behar dugula eta horrek azkenean gaixotu egiten gaitu.
Dolu perinatala gizarteratu behar dela aldarrikatzen du Esku Hutsik elkarteak.
Bai, dudarik gabe. Buru Osasun Saila hasi da gai hau tratatzen, baina oraindik asko dago egiteko. Behar dena da protokolo bateratu bat ospitaleetan, eta profesionalak formatzea. Mendaron egiten dena emagin eta ginekoloen iniziatibaz egiten da, eta hori goitik etorri behar da. Partxe batzuk jartzen hasi dira, baina benetako baliabideak ipini behar dira.
Mendaroko Ospitalean dolu taldea duzue. Zertan datza?
Hilean behin biltzen gara dolu prozesuan dauden familiekin, dolua elkarrekin egiteko. Azken batean norbere egoeran dauden familiekin biltzeko gunea da, bizipenak eta sentimenduak konpartitzekoa, eta elkar
ulertzekoa. Momentu horietan esaldi gogorrak entzun behar izaten dituzte askotan, esaterako, ez dela horrenbesterako izan edo edukiko dutela beste ume bat eta lasai egoteko... Baina familia horiek ume hori nahi zuten; ez beste bat. Ume hori existitu da, eta ume horrek merezi du bere lekua. Dolu taldeak oso lagungarriak dira. Amari eta aitari lagundu behar zaie, biei. Askotan aitari gogorraren papera egitea tokatzen zaio eta beraiek ere izugarri sufritzen dute, nahiz eta umea ez duten barruan eraman. Baina bikotearekiko kezkaren zama eramaten dute, kasu batzuetan arriskuan egoten direlako emakumeak, eta bikotekidea zaintze horretan, ez dute euren burua zaintzen. Minari lekua egin behar zaio, sendatu ahal izateko.