Erreportajea

Aitortzarik gabeko heriotzak

Ainhoa Andonegi 2024ko urr. 18a, 17:29

Iraia Silva, Izaskun Igoa, Alba Mazo, Guiomar Agote eta Maddi Hiriart.

Haurdunaldian, erditzean edota jaioberritan hiltzen diren umeen heriotzarengatik egiten den doluari esaten zaio dolu perinatala, eta dolu prozesu hori sarritan isilean egiten dute familiek. Haurren heriotzak tabua izaten jarraitzen du oraindik, eta egoera hori bizi duten familiak babesik gabe geratzen dira askotan. Familia horiei laguntzeko asmoz sortu zuten Esku Hutsik elkartea egoera hori bera bizi izan zuten familiek. 

Bilbon sortu zuten ofizialki 2021ean, aurrez ere lanean ari ziren arren, eta gaur egun Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan dihardu lanean elkarteak. 190 bat familia biltzen ditu, eta Iraia Silva eta Alba Mazo elgoibartarrak ere elkarteko kide dira.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera, lau haurdunalditik bat ez da amaierara iristen, umeak hil egiten direlako haurdunaldian, erditzean edo handik egun gutxira. Haurdunaldiko 22. astearen artean eta bizitzako lehen urtean gertatzen den heriotza perinatala da, OMEk emandako definizioaren arabera, eta galera horren ondoren bizitzen den saminari dolu perinatala esaten zaio. Ume batzuk hil egiten dira amaren sabelean, eta ama batzuk, arrazoi desberdinak medio, eten egin behar izaten dute haurdunaldia. Egoera edozein dela ere, esku hutsik irteten dira familia horiek ospitaletik, bidean zetorren umea hil egin delako. Gai horri buruzko hitzaldia izan zen Elgoibarren martitzenean, hain zuzen ere, Dolu Perinatalaren Nazioarteko Egunean. Guiomar Agote Mendaroko Ospitaleko psikologoak eman zuen hitzaldia, eta segidan, doluan dauden Maddi Hiriart bergararrak eta Ondarrun bizi den Izaskun Igoak beraien bizipenak kontatu zituzten. Esku Hutsik elkarteak antolatu zuen ekitaldia, dolu perinatala gizarteratzeko dagoen beharraz jabetuta.

Iraia Silva elgoibartarra da Esku Hutsik elkarteko kideetako bat, eta berak eman zuen elkartearen berri. Bere bizipen pertsonalaren ostean iritsi zen Silva elkartera. 2016an eduki zuen Silvak bere lehenengo semea: Paul. Haurdunaldiaren 34. astean zegoen Silva, eta gau batean konturatu zen umea ez zela mugitzen. "Ordura arte asko mugitzen zen, gauetan bereziki, ostikada asko ematen zizkidan, eta gau hartan ez nuela umearen mugimendurik igarri konturatu nintzen". Hasieran uste zuen bere irudipena izango zela, eta burua beste zeozertan entretenitzen saiatu zen. "Ez dakit nola, baina gau hartan sofan loak hartu nuen. Esnatu nintzen, eta hasi nuen eguna, baina jarraitzen nuen Paul sentitu gabe". Eguenean zehar aritu zen umearen sehaska muntatzen, lagunekin irten zen kalera, ibiltzera joan zen, txokolatea jan zuen... Baina hala ere, ez zuen ezer sentitzen. Ez zuen sinistu nahi gertatzen ari zena, baina bere barnean bazekien zerbait ez zihoala ondo. Pasatu zen eguna eta erabaki zuen bigarren gaua nahigabe hartan ezin zuela pasatu. Ospitalera joan ziren, eta bere usterik txarrena konfirmatu zion ginekologoak: umeak ez zeukan bihotz taupadarik. "Erditu egin behar dut, ezta?, galdetu nion ginekologoari, entzunak nituelako aurrez beste batzuen bizipenak. Une hura oso gogorra izan zen". Autopsia egin zioten umeari, eta bat-bateko heriotza izan zela esan zieten, ez zegoela bestelako arrazoirik.

Dolu prozesua egin zuen, eta gerora beste bi ume izan zituen, eta apur bat koskortzen hasi zirenean, bere egoeran zeuden familiei laguntzeko beharra sentitu zuen: "Beti neukan hori barruan, besteei laguntzea; nolabait zor nion Pauli". Informazioa bilatzeari ekin zion eta Esku Hutsik taldea aurkitu zuen Interneten. Bere burua eskaini zien, eta orain, elkartearekin kolaboratzen du.

Esku Hutsik taldeak familiei ematen die babesa, baina Osakidetzarekin ere hartu-eman handia dauka, dolu perinatala profesionalizatzeko. Ospitale guztietan daude orain Esku Hutsik taldearen informazio orriak. Umea hiltzen zaien familiei laguntza burokratikoa ematen zaie, baina elkarteko kideek uste dute harago joan behar dela. Familiekin lan egiten duten langileak formatzeko lanean dihardute, eta protokolo bateratu bat ezarri nahi dute ospitaleetan. "Orain arte oso desberdina zen haurraren heriotzaren ondoko bizipena, ospitalearen arabera", adierazi du Silvak. Esku Hutsikek egindako lanari esker EAEko eta Nafarroako ospitale publiko gehienetan gaur egun badago protokoloren bat, baina, "orain behar dena da protokolo hori bateratzea". Silvak Mendaron izan zuen Paul, eta ez dauka jaso zuen tratuarekiko inolako kexarik. Umea ikustea gomendatu zieten, eta hartu zuten berarekin egon eta agurtzeko tartea ere. Argazkiak egin zizkioten, eta gorpuarekin zer egin nahi zuten erabakitzeko aukera ere izan zuten. "Une horretan beldurtuta zaude, eta hasieran ematen zigun erreparoa umea ikusteak ere, baina berehala konturatu ginen egin genuen onena izan zela". Hamabost eguneko buelta horretan, Silvaren ezagun bat antzerako egoeran suertatu zen, baina Donostiako Ospitalean, eta hari ez zioten umea ikusteko eta gorpuaren ardura hartzeko aukerarik eman. "Nahi genukeena da ondo egindakotik ikastea profesionalek eta gaizki egindakoak ez errepikatzea". Esku Hutsik elkarteak ateak zabalik ditu eta modu asko daude taldearekin kolaboratzeko. Amabitxi zerbitzua eskaintzen dute, norbere egoera berean dagoen beste ama batekin hitz egiteko, ospitaletan ematen dituzten zakutxoak ere josi daitezke elkartearentzat eta ekarpen ekonomikoak ere onartzen dituzte.

Gizarteratzeko beharra

Dolua, oro har, isilean eta bakardadean egiten da, baina dolu perinatala "ia ukatua" dago gizartean. "Gure dolua ez dago onartuta; ezkutatu egiten da, eta oraindik ere, tabua da". Une horietan ingurukoek laguntzeko asmoz esaten dituzten esaldi horiek ere sekulako mina egiten dutela uste du Silvak, nahiz eta badakien intentzio txarrik gabe eginikoak direla, baina gaia gizarteratuta egoera "deseroso" asko sahiestuko liratekeela uste du. Esku Hutsikek ume horiei merezi duten aitortza egitea eskatzen du, ume horiek existitu direlako. "Askotan tratatzen gaituzte ezer gertatu izan ez balitz bezala, baina gertatu da, eta hitz egiteak eta bizipenak konpartitzeak asko laguntzen du, eta aldiz, isiltasunak, min ematen du". Silvak egin zuen dolua, eta itxi zuen atea, eta horrek lagundu egin zion, baina badaude egoera beste modu batzuetan bizitzea erabakitzen dutenak eta hori ere errespetatu egin behar dela uste du. Hala ere, adituek dolua egitea gomendatzen dute, bestela, bizitzan aurrera egin ahala, momenturen batean edo bestean min hori berriz agertzen delako.

Dolu taldea

Alba Mazo ermuarra da, baina Elgoibarren bizi da gaur egun, eta bera ere Esku Hutsik elkarteko kidea da. Bi alaba dauzka bizirik, eta beste bi hil zaizkio jaio aurretik. 2020an hil zen Libe, haurdunaldiko 38. astean. Azken txanpan zegoen, eta egun batetik bestera geratu egin zen Liberen bihotza. Mendaron erditu zen umeaz, eta azaldu du ez daukala kexarik Mendaroko Ospitalean eman zieten tratuaz, baina dolu horretan lagunduko zion profesional baten laguntza behar zuela sentitzen zuen. Guiomar Agoterekin jarri zen harremanetan, Mendaroko Ospitaleko Aringarrien Unitateko psikologoarekin. Egoera berria zen Guiomarrentzat ere, ordura arte bizitzaren azkenetan zeuden gaixoei eta haien familiei laguntzen zielako berak, eta sekula ez zuelako landu haurren heriotza. Mazok argi zeukan egoera horretan dauden familiek ere behar dutela mina konpartitzeko gune bat, eta horrela sortu zuten Mendaroko Dolu Taldea. 12-14 bat lagun biltzen dira hilero, eta bakoitzak bere bizipenak kontatzen ditu, libreki. "Ez dugu inor epaitzen, espazio librea da, eta bakoitzak beretik hitz egiten du. Barre egiten dugu, eta negar asko ere bai, amorratu egiten gara, baina oso lagungarria da zure egoera berean dauden familiekin hitz egitea", adierazi du Mazok.

Liberen heriotzaren ostean ezagutu ziren Guiomar Agote eta Alba Mazo, eta Guiomarrek dio Liberi esker jarri zutela martxan dolu taldea 2022an. Mazok aitortu du doluaren mina hobeto eramaten lagundu ziola taldeak: "Tunel ilun batean negoen, shock egoeran, eta taldeak lagundu zidan argia ikusten. Gorputzari entzun egin behar zaio, eta tristura horri lekua egin". Liberen doluan zegoela, 2022an berriro geratu zen haurdun, baina hamabigarren asteko ekografian zerbait ez zegoela ondo esan zion ginekologoak. "Bi astera ekografia errepikatuko zidatela esan zidaten, eta egoera horretan bi aste oso-oso luzeak egiten dira". Hamabosgarren astean konfirmatu zioten bizitzarekin bateraezina zen anomalia bat zeukala umeak, eta haurdunaldia etetea erabaki zuten. "Une horretan ere dolu taldearen babesa oso garrantzitsua izan zen niretzat, pila bat lagundu zidaten guztiek". Umea hiltzearen mina ez da ahazten, baina min horrekin bizitzen ikasi egiten da. Mazok argi dio beti eramango duela dolua berarekin, eta bera lau umeren ama dela, bizirik dauden birena eta hil ziren beste biena. Egoera hori bizi duten familiei dolu taldean parte hartzea gomendatzen die, laguntzen duelako barruko mina askatzen: "Ni beti izan naiz asko hitz egitekoa, bai lagunekin eta familiakoekin, baina dolu taldean kontatu ditut beste inori kontatu ez dizkiodanak". Babes handia sentitu du, konektatu egin du dolu taldeko kideekin eta pazienteak baino gehiago, lagunak dira orain. Dolu perinatalaren inguruan aurrerapausoak eman dira azken urteetan, baina uste du oraindik asko dagoela egiteko, eta horrelako dolu taldeak ospitale guztietan egon beharko liratekeela.