Maala dantzan jarri dute Gora Musika taldeak eta udal musika bandak

Barren 2024ko urr. 19a, 14:31

Euskal abestiak, umeentzako pertsonaia ezagunak, era honetako ikuskizunetara ohituta dauden herriko musikariak, ...eta erraldoi eta buruhandiak!

Maalan bildutako umeak eta horien familiak dantzan jartzeko osagai guztiak eduki zituen 'Gora musika' taldeak eta Elgoibarko Udal Musika Bandak umeentzako eta familientzako bariku arratsaldean eman zuten kontzertuak.

Ikuskizuna Kalegoen plazan ematekoak ziren arren, Maalara leku aldatu zuten eguraldi iragarpenagatik eta nahikoa lan eduki zuten oholtzara igo ziren lagun guztiei lekua egiten. Bandako musikariek Patxi Zabaletaren eta Andoni Mujikaren laguntza eduki zuten Juanma Saezek eta Txomin Mujikak egin dituzten abestien konponketak interpretatzeko, eta Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako koru taldeak ere hartu zuen parte emanaldian.

Bandako zuzendari Gorka Mujikarekin batera, Gora Musika taldeko Urko Oscozek eta Oiane Yarzak gidatu zuten saioa, -lehen Ene Kantak proiektuan Eneko eta Nerea izenez ezagunak zirenak-. Naroa Villa eta Inma Martín dantzarien laguntza eduki zuten. Gora Musikakoek umeen artean ezagunak egin diren kantu eta dantzak ekarri zituzten Elgoibarrera eta Haizea Armendáriz Santamaría arduratu zen horiek zuzenean abesteaz. Ausartak, Polonesa, Alemana, edo Perez sagutxoa bezalako abestiak jo eta abestu zituzten, umez beteta zegoen aurreneko ilaren aurrean.

Maalakoa gainera, Gora Musikakoek herrietako bandekin eta koruekin emaen hasi diren ikuskizunaren estreinaldia izan zen; bigarrena Bilbon egingo dute abenduaren 1ean, hango bandarekin.

Ikuskizuneko argazki-bilduma: