Gorka Mujika Udal Musika Bandako zuzendariak aurreratu duenez, "ikuskizun handia" izango da, eta ehun bat lagun igoko dira oholtzara. Ene Kantak egitasmoko kide izandako Urko Oscozen eta Oiane Yarzaren Gora Musika taldearekin batera igoko dira oholtzara bandako musikariak. Ekitaldian hartuko dute parte baita ere Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako koru taldeak Silvia Hernandezek gidatuta; Elgoibarko erraldoiek eta hainbat gonbidatuk, tartean, Patxi Zabaletak gitarrarekin eta Andoni Mujikak baxuarekin. Gorka Mujikak oso argi dauka publiko zabalari eskaintza prestatzea oso garrantzitsua dela, eta ez du nahi bandaren eskaintza helduentzako bakarrik izatea.
Elgoibarren estreinaldia
Abesti eta dantzen bidez umeen artean euskara sustatzea du helburu Ene Kantak egitasmoak. 2010ean sortu zuten egitasmoa Nafarroan, eta gaur egun Euskal Herri osora zabaltzen dute beraien eskaintza. Ene Kantak-en Eneko eta Nerea izan ziren Urko Oscozen eta Oiane Yarzaren proiektu berria da Gora Musika. "Beti bezala, euskara, irria, lana, ilusioa eta pasioa jarriko dugu oholtzan. Familiak dantzan jarriko ditugu eta haurren alaitasun osoa saiatuko gara pizten", diote sortu duten talde berriaz.
Umeen artean ezagunak egin diren kantu eta dantzak ekarriko dituzte Elgoibarrera. Juanma Saez eta Txomin Mujikak egin dituzte abestien konponketak. Elgoibarren izango da estreinaldia, eta gero Bilbon egingo dute, hango bandarekin. Mujikak uste du Elgoibarko musika bandak badaukala izen eta prestigioa herritik kanpora ere, eta Gora Musika taldeak Elgoibarko banda aukeratu izana ikuskizunaren estreinaldirako garrantzitsua iruditu zaio.
- 19:00etan hasiko da kontzertua