18 urtera bitartekoentzako eskaintza prestatu dute jolasaren astean

Barren 2024ko urr. 18a, 13:41

Jolasaren astea antolatu dute datorren asterako Atxutxiamaikak, eta Elgoibarko Udal Ludotekak eta Gaztelekuak. Adin tarte ezberdinak bereiztu dituzte eta ekintza ezberdinak antolatu dituzte adin tarte bakoitzerako. 

0tik 5 urtera bitartekoek jolas librean ibiltzeko aukera izango dute urriaren 24an eta 25ean, Leku Ederreko parkean, 17:30etik 19:00ak bitartean. Euria egingo balu, egun bakarrera mugatuko lukete eskaintza, urriaren 24ra, eta Elizako arkupeetara aldatuko lukete lekuz.
5 eta 12 urtera bitartekoentzako ekintzak urriaren 22tik 26ra bitartean izango dira. 

Hona jolasaren asteko egitaraua, egunez-egun:

  • Urriaren 22an, Bingo solidarioa egingo dute San Lazaro egoitzan 17:00etatik 19:00etara, baina parte hartzeko izena eman beharko da aurrez ludotekan. 
  • Urriaren 23an, berriz, jolasak sortuko dituzte ludotekan HH5etik LH2ra artekoak, adinaren arabera bi txandatan banatuta. LH2tik LH3ra artekoak 16:30etik 18:00etara batuko dira, eta HH5 eta LH1ekoak 18:00etatik 19:30era. 
  • Urriaren 24an, berriz, kanpo jolasak egingo dituzte HH5etik LH2ra arteko adin-tartekoek, Urazandin, 17:00etatik 19:00etara (Euria eginez gero, ludotekan). 
  • Urriaren 26an, goizez, 10:00etatik 13:30era bitartean erronka jolasa egin egingo dute, bai eta artile tailerra ere hilabeteko azken zapatuko azokaren baitan (ludotekan elkartuko dira goizean).

 

Hiru eguneko eskaintza nerabeentzat

12 urtetik 18 urtera bitarteko nerabe eta gazteentzat hiru eguneko eskaintza prestatu dute. Hilaren 23an, impact jolasa egingo dute, 17:00etatik 19:00etara, gaztelekuan; hilaren 24rako pintxo txapelketa antolatu dute, 17:30etik 19:00etara, eta urriaren 27an, Nintendo switchen jolasteko tartea izango dute, 17:30etik 19:00etara. Ekintza guztiak gaztelekuan izango dira.

Jolasa plazara

Azkenik, urriaren 25ean, barikuan, plazan jolasteko eguna izango dute adin tarte guztietako haurrek, 17:00etatik 19:00etara. Jarduera horren helburua hainbat jolas mota kalera ateratzea da, bide batez tokiko eragileen parte-hartzea sustatuz.  “Gure helburua da kalean normalean ikusten ez diren jolas horientzat lekua egitea, eta horregatik herriko eragileak animatu nahi ditugu beren jolasak plazara ekartzera”, adierazi dute antolatzaileek. 

Ikus hemen, EGITARAUA osorik