Zikloa, baina, Bilboko Mendi Film Festivaleko azken edizioko film saritu eta arrakastatsuenen emanaldiarekin hasiko dute, azaroaren 3an, 21:00etan. Urtero legez, alpinismoko eta eskaladako film onenak ikusteko aukera izango da Elgoibarko Herriko Antzokiko pantaila handian. Honako lau film laburrak: Agur Artzai, This is Beth, New way up eta Eñaut Izagirre elgoibartarrak eta bere abenturakideek ondutako Into the Ice ikus-entzunezkoa. Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira leihatilan, 4 euroan.
Islandia ezezaguna bizikletaz, azaroaren 8an
Igone Mariezkurrenak azaroaren 8an emango duen hitzaldiarekin hasiko dute hitzaldi-zikloa. Pasai Donibaneko kazetari eta antropologoa bidaiari eta abenturazale amorratua da, eta Islandiara, Westfjords eskualdera (ipar mendebaldeko fiordoak) eginiko bidaia kontatzera etorriko da Elgoibarrera. 2022ko udaberrian eginiko bidaia da, bakarrik eta autosufizientzian, Gravel motako bizikletaz. Hilabete eman zuen Islandiako izkin ezezagunena den eskualdea arakatzen. Chris Burkard abenturazaleak 2021. urteko udan egin eta bikepacking.com web orrian argitaratu zuen bidea errepikatzen lehena izan da Mariezkurrena. Bidaian jasotako irudiekin jantziko du solasaldia. Kultur Etxean izango da, 19:00etan.
Julio Villar, mendian eta itsasoan
Azaroaren 15ean Julio Villar Gurrutxagaren txanda izango da (Kultur Etxean, 19:00etan). Bidaiari, alpinista eta idazle donostiarra da, eta ikasketak goiz lagata, oso gazte zela hasi zen bidaiatzen eta eskalatzen. Euskal Herriko lehen alpinista belaunaldiko kideetako bat da, eta Pirinioetako eta Alpeetako igoerarik zailenetako batzuetan parte hartutakoa da. Mendian izan zuen istripu larri batek geldialdi luze bat egitera behartu zuen, eta itsasora lekualdatu zituen bere abentura berriak. Munduari bira eman zion Mistral belaontzian, ia bost urteko bidaian. 1974. urteko Tximist espedizioan ere hartu zuen parte, eta 8.500 metroko garaieraraino igo zen Everest igotzeko espedizioan. Kultur Etxean izango da, 19:00etan
Drangnag-ri mendian bide berria
Iñaki Arakistainek Alberto Fernandez, Joseba Larrañaga eta Mikel Zabalza sokalagunekin Drangnag-ri mendira eginiko espedizioan bide berri bat irekitzean bizitako bizipenak azalduko ditu, azaroaren 22an (Kultur Etxean, 19:00etan). Nepalen eta Txinaren arteko mugan dago 6.081 metroko mendia, Rowaling haraneko Ripimo glaziarraren buruan, eta euskaldunona izan zen mendi honetara eginiko hirugarren igoera. Arakistainek Taghia, eguzkiz blai proiektuaz ere berba egingo du. Kultur Etxean izango da, 19:00etan.