Debabarreneko Nekazaritza Bulegoaren egoitza Gabriel Kurutzelaegi kalean egongo da aurrerantzean

Barren 2024ko urr. 2a, 18:03

Eskualdeko Nekazaritza Bulegoaren egoitza berria izango dena inauguratu dute gaur Elgoibarren. Gabriel Kurutzelaegi kalean dago. Debemenen bulegoak ere bertan egongo dira aurrerantzean.

Prentsa ohar bidez azaldu dutenez, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak inauguratu du gaur Elgoibarko Eskualdeko Nekazaritza Bulegoa, Maialen Gurrutxaga alkatearekin batera. Gabriel Krutzelaegi kalean dago egoitza berria, Gaztelekuaren ondoko eraikinean.

Bulegoak Debabarrena eskualdeko 1.600 ustiategi baino gehiago artatuko ditu. Bulego berria egokituta egongo da gestioak egin behar dituzten baserritarrak erraz sar daitezen. “Inaugurazio honekin beste urrats bat eman dugu gure baserritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko konpromisoan”, adierazi du Arrutik.
 
 Zentro berriak ustiategien erregistroari, gidekin lotutako izapideei, animalien altei eta bajei buruzko gestioei erantzuteko balioko du, eta eskura dauden laguntzei eta horiek eskatzeko moduari buruzko informazioa emango du. Gainera, gune horretan bertan Debabarreneko (Debemen) Landa Garapenerako Elkartearen bulegoak egongo dira, orain arte Merkatu Plazako eraikinean zeudenak.