Zortzi proba ditu 2024ko Euskadiko Rallysprint txapelketak eta Elgoibarko I. Rallysprinta izango da azkenengoa. Azkoitia eta Elgoibar arteko Azkarate mendateko errepide zaharrean jokatuko dute proba, eta ibilgailuek Azkoitian izango dute irteera lerroa; zehazki, Olaran baserrirako bidegurutzearen ingurutik aterako dira autoak Elgoibar aldera, 14:00etan. Elgoibarko Sallobenterako bidegurutzetik gertu izango dute helmugako marra, 8,65 kilometroko ibilbidea osatu eta gero. Hiru txandatan lehiatuko dira pilotuak, erlojupekoan. Trafikoarentzat itxita egongo da Azkarateko errepide zaharra, 12:45etik 20:00etara.
Txapela lortzeko lehia bizia
Emozioa ziurtatuta dago Euskadiko Rallysprint txapelketako azken proban, lehen bi sailkatuek baitituzte txapela irabazteko aukerak, Ikullu Razing taldeko kideak biak. Iker Exeberria (BMW M3) gidari ultzamarrak 148 puntu pilatu ditu orain arte jokatutako zazpi probetan, eta 131 puntu ditu Aitzol Apalantza (Hyundai i20 R5) errezildarrak. Apalantzak jarraian irabazi ditu azken hiru rallysprintak: San Miguelgoa, Eskoriatzakoa eta Aramaiokoa. Aldiz, kopilotuen txapelketan, Olatz San Miguelek ziurtatuta dauka txapela, orain arte batutako 135 opuntuei esker. Alain Agirre bigarren sailkatuak 95 puntu ditu, eta ez dauka aukerarik lehen postua eskuratzeko. (ikus behin-behineko sailkapenak)
57 talde izena emanda
Etxebarriko (Bizkaia) Kastinparro Racing taldeak antolatu du larunbateko auto lasterketa; izan ere, Lea Artibaiko Rallyaz gain, Elgoibarko Rallysprinta antolatzeko ardura hartu zuen talde horrek denboraldi hasieran. Gaur bertan argitara eman dute parte-hartzaileen zerrenda ofiziala eta probaren estreinako aldi honetarako zituzten espektatibak bete direla azaldu dute Etxebarrikoek. "Orain, azken orduko lan batzuk bukatu eta prest gaude aurtengo edizioari hasiera emateko. Espero dugu datorren urtean ere bide berdinetik jarraitzea", adierazi dute sareetan jarritako mezuan. 57 talde daude parte hartzeko izena emanda, honakoak:
- Informazio osoa: www.eaf-fva.net