Proba nagusian lehiatu ziren 62 lagunak Aittolako aparkalekutik abiatu ziren eta Xoxote eta Erlo inguruetan egin zuten trekking ikusgarriarekin berotu zituzten hauspoak eta giharrak. Bikote gutxi batzuek lortu zuten ibilbide guztia osatzea, hau da, 20 kilometroko ibilbidea oso-osorik bukatzea, lau ordutik gorako trekkinga izan baitzen. Bestelako estrategia erabili zuten beste parte hartzaile batzuek: indarrak gorde eta ibilbide motzagoa egin zuten, baliza batzuk hartu gabe lagata. Aittolan amaitu zuten trekking proba. Raidaren bigarren zatian mendiko bizikletan aritu ziren Irukurutzeta eta Karakate arteko ibilbide lokaztuetan, lurrak bigun baitzeuden aurreko egunetan eginiko euriagatik. Parte hartzaile batzuek Azkarate eta Sallobente inguruetatik igarotzen zen ibilbide xamurragoa aukeratu zuten.
Gabarra Cobi taldeko Aitor Anabitarte eta Jon Ander Pikaza izan ziren probako irabazleak, puntu gehien batuta. Portugaleteko eta Berangoko kirolariek 65 puntu batu zituzten 6 ordu, 48 minutu eta 21 segunduko denboran. Euren ahalegina kopuruetara ekarriz gero, 20 kilometro egin zituzten saltaka eta 30 kilometro mendi bizikletaz; 2400 metro baino gehiagoko desnibela positiboa pilatuz. Bonjour Getxo taldea sailkatu zen bigarren postuan eta Peña Guara taldea hirugarrengoan. Talde mixtoetan zortzi talde lehiatu ziren eta Euskalraid izan zen onena. Emakumezkoen taldeak bi izan ziren eta Brujuleandok eskuratu zuen garaipena. (ikus sailkapenak)
Proba amaitu ostean, parte hartzaile guztiek elkarrekin bazkaldu zuten lagun arteko giroan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, hainbat lekutatik etorri ziren parte hartzaileak. "Iparraldetik, Galizia edo Hueskatik etorritako bikoteak eduki genituen eta hemen Debabarrenakoak ere bai hamar kirolari, Elgoibar, Mendaro eta Debakoak".
Familia raida
Antolatzaileen azalpenak adi-adi entzun eta gero, Familia raidean parte hartu zuten 63 lagunek ere Aittolako aparkalekutik hasi zuten proba. Taldeko gaztetxoenen zeregina izan zen mapak hartzera ziztu bizian joatea. Talde bakoitzak mapa ondo aztertu ondoren, Xoxoteko aterpetxea eta Aittolako aparkalekuaren artean zeuden balizen bila abiatu ziren. Eskalada, memorian oinarritutako orientazio proba eta slackline bezalako proba bereziak gainditu behar zituzten bidean. "Bi ordu eta erdiko bilaketa, joko, lasterkaldi eta orientazio momentu dibertigarri ugariren ondoren, proba amaitu eta helmugan bertan zegoen anoan, probaren inguruko komentario eta anekdota guztien inguruan hitz egiteko aukera izan zuten parte hartzaileek".
Morkaiko Raid taldeak eskerrak eman dizkie parte hartzaile guztiei eta antolakuntzan laguntza eman dieten erakunde, denda eta pertsona guztiei.
Debabarreneko 8. raida, irudietan:
∞ Lotura duten albisteak:
- 166 lagunek hartu dute parte Debabarrena Orientazio Raidean (2023-06-19)
- Ia 200 lagunek hartu zuten parte Debabarrenako raidean (2022-09-21)
- Ia 200 lagunek hartu zuten parte Debabarrenako orientazio raidean (2019-05-30)
- Euskal Raid Aralar eta Sagondo taldeak nagusi Debabarrenako orientazio raidean (2018-06-07)
- Larrinaga-Intxaurrandieta eta Del Campo-Irastorza bikoteak gailendu dira Debabarreneko hirugarren raidean (2017-05-06)
- Gaizka Agirre eta Aaron Garmendia irabazle Debabarrena raidean eta Lariz eta Irazabal elgoibartarrak bigarren (2016-09-27)
- 37 bikotek hartu zuten parte Debabarreneko estreinako raid-ean (2015-09-28)