Iparraldeko Raid Abentura Ligako (LINRA) proba puntuagarria jokatu zen zapatuan Elgoibarren, II Debabarreneko Orientazio Raida. Guztira 42 bikotek hartu zuten parte eta Aaron Garmendia et Gaizka Agirrek osatutako Euskal Raid Aralar Kirolak taldeak eskuratu zuen puntu gehien (91 puntu), 6 ordu 53 minutu eta 20 segundoko denborarekin. Honenbestez, iaz, Debabarrenako estreinako raidean, lortutako lehen postua errepikatu du Gaizka Agirrek, nahiz eta iazkoan Aitor Otamendi oñatiarra izan zuen bikotekide. Iñigo Lariz eta Jon Irazabalek osatutako LRT taldeak egin zuen bigarren, 90 puntu eta 6:50:42ko denborarekin. Iñigo Lariz ohituta dago podiumetara igotzen, makina bat mendiko eta bizikletako proba irabazitakoa baita. Bikotekide izan zuen Jon Irazabal, aldiz, estreinakoz igo zen podium batera, eta raid proba batean parte hartu duen aurreneko aldian gainera. Ander Legarra eta Ianko Intxaurrandieta (Insert Coin) sailkatu ziren hirugarren postuan, 88 puntu eta 6:57:30eko denbora eginda. (ikus hemen emaitzak debabarrenaraid.wordpress.com)
Antolakuntza lanetan aritu ziren Morkaiko Mendizale Elkarteko kideak gustura gelditu dira aurtengo raidarekin eta parte hartzaile askoren zorionak ere jaso dituztela jakinarazi dute. San Bartolome elizatik Kalegoen plazara prestatu zuten tirolina arrakastatsua izan zela ere nabarmendu dute. “Ikusle ugari erakarri zuen eskalada eta tirolina probak plazara eta horrek poza eman zigun antolatzaileoi”, esan dute.