Igerilekuen aldean dagoen berdegunea modukoa egin dute bestaldeko atearen atzean, eta dagoeneko erabiltzeko prest dago. Belar artifizialezko berdegune berriak 40 x 19 metro koadroko azalera du, 1.340 metro koadroko azalera, eta eraiki ahal izateko atletismoan aritzeko bertan zegoen zuloa kendu zuten, gainean belar artifiziala jartzeko. Jarri duten soropil berria Anoeta estadioan eta Zubietako entrenamendu-zelaietan erabiltzen duten mota berekoa dela zehaztu dute. Partiden aurretik entrenamenduak eta beroketak egiteko erabiliko dute berdegune berria, eta herritarren aisialdirako ere erabilgarri egongo dela jakinarazi dute udaletik. Era berean, Mintxeta Atletismo Taldeak ere emango dio erabilera, eta Udal Kirol Patronatuak aerobik eta Elgoibar Sasoian programetarako erabiliko du. Obra honetarako inbertsioa, guztira, 42.000 eurokoa izan da (BEZa barne).
Mintxetako argiztapen-sistema berritu dute
Futbol zelai txikia sortzeko lanez gainera, beste hobekuntza batzuk ere egin dituzte azken asteetan Mintxeta kirol-gunean. Udalak argiztapena berritu du: 2000W-ko metalezko halogenurozko 64 proiektore kendu, eta 1500W-ko 20 LED proiektore berri ipini dituzte, eta, horri esker, % 77 aurreztuko dutela kalkulatu dute. Azaldu dutenez, argiteria berriarekin, mantentze-kostuak murrizteaz gain, kirol-gunearen energia-eraginkortasuna handituko da. Argiztapen-sistema berritzeko inbertsioa 56.178,35 eurokoa izan da (gehi BEZ).
Instalazio berriak argia erregulatzeko eta kontrolatzeko sistema aurreratu bat du, DALI teknologiaduna. Argiztapen-baldintzak jardueren beharren arabera doitzeko aukera ematen duela da duen berezitasunetariko bat. Gainera, sistema elektrikoa etorkizunean handitu ahal izateko diseinatuta dago, sistema elektrikoan aldaketa gehigarririk egiteko beharrik gabe.
Megafonia-sistema hobetu dute
Barruti osoko megafonia-sistema ere berritu dute, "soinu-kalitatea hobetuz eta kirol-ekitaldietan eta jardueretan komunikazioa erraztuz".