Futbol zelai txiki bat gehiago izango du Mintxetak

Barren 2024ko mai. 13a, 15:04

Igerilekuen aldean dagoen berdegunea modukoa sortuko dute Mintxetako futbol zelaiaren beste aldean, gaztetxoenek entrenatzeko tokia izan dezaten eta helduagoek beroketa ariketak egiteko.

Horrez gain, Mintxeta aisialdi gune bat izanik, herritarrek ere etekin handiagoa atera ahalko diote gune berri horri, Udaletik azaldu dutenez. Belar artifizialezko berdegune berriak 40 x 20 metro koadroko azalera izango du, eta eraiki ahal izateko atletismoan aritzeko bertan dagoen zuloa kenduko dute gainean belar artifiziala jartzeko.

Udal Kirol Patronatutik jakitera eman dutenez, kirol taldeekin eta herritarrekin duten hartu-emanean ari dira egunero. "Beraien beharrak eta proposamenak entzun eta horiei erantzun onena ematen saiatzen gara. Bide honetan, C.D. Elgoibarrekin hainbat bilera izan ditugu eta beraien beharrei erantzuna emateko zelaiaren azalera handitzea erabaki dugu".