Elgoibarko Rallysprinta antolatu dute urriaren 5erako

Barren 2024ko ira. 24a, 18:24

Uztailean jokatu zuten San Migel Rallysprinteko partaidea, Urtiako errebueltan. Arg: Mikel Askasibar.

Albiste onak jaso dituzte rally autoen zaleek azken aldian. San Migel Rallysprinta berreskuratu zuten lehenik, urte askoan jokatzeke egon eta gero. Orain, berriz, Elgoibarko lehen rallysprinta antolatu du Kastinparro Racing Taldeak.

Urriaren 5ean, zapatua, jokatuko dute Elgoibarko 1. Rallysprinta, Azkoiti eta Elgoibar arteko Azkarate mendateko errepide zaharrean. Azkoiti partetik itengo dira parte hartzaileak, 14:00etatik aurrera, eta Elgoibarren egongo den helmugara arte ailegatu beharko dute, ahal duten azkarren. Sallobenterako bidegurutzetik gertu egongo da helmuga marra, GI-3321 errepideko 5,500 kilometroan, hain justu ere. Gidariek 8,65 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.
 
 Etxebarriko Kastinparro Racing taldeak antolatuko du Euskadiko Koparako puntuagarria izango den proba, Lea Artibaiko Rallyaz gain, Elgoibarko Rallysprinta antolatzeko ardura hartu baitzuten euren gain denboraldi hasieran. Joan den maiatzaren 4an jokatu zuten Lea-Artibaiko proba eta Gorka Eizmendi eta Estibaliz Armendariz gailendu ziren Skoda Fabia autoan. Kastinparrokoek jakinarazi dutenez, maiatzaz geroztik Elgoibarko Rallysprinta antolatzeko lanean jardun dute, eta berritasunak ere iragarri dituzte, oraindik argitu ez dituzten arren. Proba iragartzeko kartela da oraingoz ezagutzera eman dutena.

Parte hartzeko izen ematea ere zabalik dute. Euskadiko Automobilismo Federazioaren webgunean eman daiteke probarako izena.

Era berean, proba jokatuko den egunean trafikoarentzat itxita egongo da Azkarateko errepide zaharra, 12:45etik 20:00etara.