Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritzak dimisioa eman zuen uztailean, Gipuzkoako trafiko arduradunek jartzen dizkieten oztopoekin lan egitea ezinezkoa dela arrazoituta. Arazoak ez ziren berriak. Iaz denboraldi hasiera atzeratu egin zuten lasterketetako segurtasuna bermatzen duten lotura motorekin zituzten gorabeherengatik. Azkenean, behin-behineko konponbide bat hitzartu zuten Gipuzkoako Aldundiarekin. Halere, bestelako arazoek hor jarraitu dute. Salatu zuten, besteak beste, ezin dituztela zenbait errepide erabili lasterketak antolatzeko eta txirrindulariak pelotoia baino atzerago geratu bezain laster lagatzen dituztela lasterketatik kanpo. Era berean, proba zikloturistak antolatzeko ere gero eta zailtasun gehiago zituztela ohartarazi zuten, lasteketa buruaren eta azkenaren artean ezin zutelako hamabost minutu baino gehiago laga. Zuzendaritzak Gipuzkoako txirrindularitza talde guztien babesa jaso zuen orduan.
Egoera, baina, ez da konpondu ordutik. Are, okerrera egin duela salatu dute. Horregatik, eta egoera desblokeatzeko, mahai baten bueltan batu eta arazoari elkarrekin konponbide bat emateko eskatu diete behin eta berriro agintariei, baina ez dute nahi zuten besteko erantzuna jaso, eta ondorioz, urriaren 13rako manifestazioa deitu dute. Donostian egingo dute manifestazioa. Antonio Elorza belodromoan hasiko dute, 11:00etan, eta Donostiako udaletxe aurrean amaitu. Elgoibarko Lagun Taldeak eta Mendaroko Txirrindulari Elkarteak ere bat egin dute deialdiarekin eta parte hartzera deitu dituzte txirrindularitza maite duten guztiak.