Maialen Gurrutxaga alkateak eta Udal Gobernuko zinegotziek hainbat bisita egingo dituzte datozen egunetan herriko auzoetara, bizilagunen iradokizunak aurrez-aurre jasotzeko asmoarekin. Atzo egin zuten Auzoekin Batera izena jarri dioten egitasmoko aurreneko bilera, Sigmako auzotarrekin, eta balorazio "oso positiboa" egin dute estreinako hartu-emanaz. Bizilagun asko agertu izana herritarrek auzoak hobetzeko duten inteseraren adierazlea dela nabarmendu dute. Azaldu dutenez, Sigman etorkizunean egin daitezkeen proiektuak planifikatzeko iradokizunak eta proposamenak bildu zituzten. Elgoibarko Udalak eskerrak eman dizkie lehen bileran parte hartu zuten auzotarrei, eta hurrengo saioetan parte hartzera animatu ditu herritarrak, izan aurrez aurre udal odezkariek auzoetara egingo dituzten bisitaldietan, edo izan digitalki, udalaren webgunean eskuragarri dagoen galdetegi birtualaren bidez ere eman daitezkeelako iritziak edo iradokizunak egin.
Gaur, hilak 19, Urazandiko bizilagunek izango dute agintariekin batzeko aukera, 18:00etatik aurrera Urazandi parkean egingo duten saioan.
Bileren egutegia honako hau da:
- Irailaren 25, asteazkena: Jausoro plaza Santa Klaran, 18:00etan.
- Irailak 26, osteguna: Toletxe parkea Artetxen, 18:00etan.
- Urriaren 1, asteartea: San Pedro aparkalekua San Pedron, 18:00etan.
- Urriaren 2, asteazkena: Lokal soziala Altzolan, 18:00etan.
- Urriaren 3, osteguna: San Roke parkea San Roke/Basarte/Erretsundin, 18:00etan.
*Argazkiak: Elgoibarko Udala.