Auzoetan bizi diren herritarren iradokizunak bertatik bertara jasotzeko ekimena jarriko dute martxan

Barren 2024ko ira. 10a, 13:56

Elgoibar.

"Auzoekin Batera" izeneko egitasmoa jarriko du abian Elgoibarko Udalak irail erditik aurrera, herriko auzoetako bizilagunen iradokizunak jaso eta "gertutik" ezagutzeko.

Udaletik azaldu dutenez, bizilagunen beharrak eta proposamenak kontuan hartuta, 2025erako hobekuntza proiektuak planifikatzea da Auzoekin Batera ekimenaren helburua. Maialen Gurrutxaga alkatea eta zinegotziak auzo guztietatik pasako dira auzotarren iradokizunak zuzenean jasotzeko. 

Auzoa hobetzeko ideiak eta iradokizunak eman nahi dituzten lagunek bi modutara egin ahal izango dituzte ekarpenak:
    1. Digitalki: www.elgoibar.eus web orriaren bidez edo galdetegi birtual batera zuzentzen duen QR kodea eskaneatuz (beheragoko irudian).
    2. Aurrez aurre, udal agintariek auzoetara egingo dituzten bisitetan. Ibilbideak 18:00etan hasiko dira, honako leku eta egunetan:

  • Irailaren 18a, asteazkena: Sigmako gizarte lokalean
  • Irailaren 19a, osteguna: Urazandi parkean.
  •  Irailaren 25a, asteazkena: Santa Klarako Jausoro plazan.
  • Irailaren 26a, osteguna: Toletxe parkean, Artetxen.
  • Urriaren 1a, asteartea: San Pedro/San Antolingo San Pedro aparkalekuan.
  • Urriaren 2a, asteazkena: Altzolako gizarte lokalean.
  • Urriaren 3a, osteguna: San Roke/Basarte/Erretsundiko San Roke parkean.

  Aurrez aurreko saioak amaitu ondoren, jasotako proposamenak aztertuko dituzte, ideiarik onenak bahetu eta egingarriak diren jakiteko. Udalak, prozesua garatu ostean, auzotarrekin batera kontu emate saio bat egingo du. "Helburua da bisita horiek udal plangintzan sistematizatzea, ‘Bizi, maitatu, egin Elgoibar’ izeneko legealdi planaren baitan", zehaztu dute.