Munduko maratoi lasterketa nagusiek osatzen duten lasterketa multzoa da Abbott World Marathon Majors (WMM). Zortzi probek osatzen dute: Urtero jokatzen diren sei maratoi ezagunenek (Tokio, Boston, Londres, Berlin, Chicago eta New York) eta Munduko Atletismo Txapelketako eta Olinpiar Jokoetako maratoi probek. Maratoirik 'handienen' multzo prestigiotsu hori osatzeko hautagaia da Sydneyko maratoia, zazpigarren "major"a izateko hautagai nagusia, hain zuzen ere. Gainera, aurtengo ekitaldian adin tartekako munduko txapelketa ere jokoan izan da.
Igor Torres Castilla elgoibartarrak Valentziako maratoian hartu zuen parte joan den urteko abenduan eta bi ordu eta 35 minutu azpitik bukatzea lortu zuenez, bere adin tartekoen Munduko Maratoi Txapelketarako sailkatzea lortu zuen. "Familiakoekin hitz egin ostean, parte hartzera animatu ninduten eta entrenatzen eman ditut azken hilabeteak", azaldu du. Entrenamenduetan sentsazio oso onak eduki zituela dio, eta gogotsu zegoela Australiarantz joateko. Halere, azken hiru asteetan ezin izan du nahi izango lukeen moduan entrenatu, abduktoreetako lesio bat medio, eta minekin heldu zen Sydneyko irteerara. "Lehen hamar kilometroak nahi nuen erritmoan egin ahal izan nituen arren, hortik aurrera erritmoa moteldu ezean helmugara ez nintzela helduko ikusi nuen, eta horixe izan nuen helburu bakarra, pilotu automatikoa martxan jarri eta nola edo ahala iristea. Halere, azken asteetan eduki nituen arazoak ikusita, pozik nago lortutako emaitzarekin, balore handia ematen diot negoen egoeran lortutakoari. Ez da izan nire lasterketarik distiratsuena, bai ordea gehien borrokatu naizenetako bat. Gainera, Sydney sekulako hiria da eta hango kaleetan korrika egitea plus bat izan da", azaldu du Torresek Australiako Koral Hesi Handitik idatzitako mezuan. Antipodetara eginiko bidaia probesten ari baita hango inguruak ezagutzeko.
Bi ordu eta 53 minutuan osatu zuen 42 kilometroko lasterketa, eta 390. postuan sailkatu zen.
Hurrengo erronketan du burua orain Torresek. Donostiako maratoian parte hartzeko izena emanda dagoen arren, abduktoreetako lesioaren bilakaerak izango du azken hitza. Mugertza krosa da gorriz markatuta daukan beste kirol ekitaldia.