1851n sortutako teknika da, eta argazkiak atera ostean, kimiko desberdinak erabiliz errebelatzean datza. Aita Agirre eraikineko arkupean atondu zuen antzinako tankerako argazki estudioa teknika erakusteko, eta hainbat herritar pasatu ziren bertatik argazkiak ateratzera. Ongarrik antolatuta, erakusketa inauguratu zuen joan zen astean Kultur Etxean, eta irailaren 26ra arte egongo da ikusgai.
Otarre jatetxetik ezagutzen zaituzte askok Elgoibarren, baina askok ez genekien argazkilaria ere bazarenik.
Argazkilaria ez dakit naizen, baina, bai, gustatzen zait argazkilaritza. Estudio bat daukat Azkoitin eta orduak ematen ditut bertan, baina afizionatua naiz. Enkarguren bat edo beste egiten dut tarteka, baina ni ez naiz argazkilaritzatik bizi. Jatetxean egiten dut lan eta harek ematen dit jaten. 12-13 urterekin eskuratu nuen lehenengo argazki kamera eta ordutik beti ibili naiz erretratuak ateratzen. Pentsa, garai hartan argazkiak atera eta negatiboak gorde ere ez nituen egiten! Gerora ikasi nuen zein garrantzitsua zen negatiboa gordetzea, baina hasieran argazkiak bakarrik gordetzen nituen.
Argazki kamera hura oraindik ere badaukat, erakusketan jarri dut ikusgai eta oraindik ere erabiltzen dut tarteka. Polita zen garai hura. 24ko karretea erosten nuen, dendara eraman eta irrikitan egoten nintzen argazkiak ikusteko. Gero digitalarekin erabat aldatu zen dena, eta hasieran gustura ibili nintzen, badituelako bere abantailak, batez ere momentuan ikusten duzulako atera duzuna, baina argazki gehiegi ateratzen hasi nintzen. 500 edo mila argazki ateratzen nituen, gero bi aukeratzeko. Orain kolodio hezearen teknikarekin nabil, eta argazki bakoitzarekin gozatzen dut.
Zertan datza?
Kolodioi hezearen teknika 1851koa da. Teknika oso berezia da, eta argazkigintzan iraultza handia ekarri zuen. Argazkilaria prozesu guztiaren arduraduna da, eta nire kasuan ere, neuk egiten dut argazkia ateratzetik errebelatu arteko prozesu guztia. Produktu kimikoen nahastea ere neuk egiten dut, neuk erosten ditut produktu guztiak; eta batzuk pozoitsuak ere badira. Zianuroa ere erabiltzen dut, eta hori erostea ez da hain erraza. Oso kontrolatuta dago, eta ez diote edozeini saltzen. Beste produkturen bat ere erabili daiteke, baina niri zianuroa gustatzen zait garbia delako eta oso ondo fijatzen duelako irudia. Argazkia ateratzeak ere badauka bere konplikazioa. Hainbat segundoko esposizioa eskatzen du eta pertsona oso geldi egon behar da. Horregatik, taldeko erretratuak ateratzea zaila izaten da. Ez dauka gaur egungo argazkilaritza digitalarekin zerikusirik; hau askoz pausatuagoa da. Argazki bat egiteko hamabost minutu behar dira gutxienez, eta askotan gehiago ere bai. Argazki guztiak bakarrak eta esklusiboak dira; ez daude argazki berdin bi.
Gaur egun bizi garen abiadura kontuan hartuta, zuk pazientziaz hartzen duzu argazkilaritza.
Digitalean ere aritu nintzen garai batean, baina estresantea iruditu zitzaidan. Argazki pila bat ateratzen nituen, gero haiek guztiak deskargatu egin behar nituen, editatu... Ordu pila bat pasatzen nituen ordenagailu aurrean. Ni askoz gusturago nabil antzinako teknika honekin, eta emaitza asko gustatzen zait. Batzuetan egun osoa behar izaten dut argazki bat egiteko, baina oso gustura geratzen naiz emaitzarekin. Argazki bereziak dira, desberdinak, testurak ere oso interesanteak... eta argazki guztiak dira desberdinak. Modelo bati hamar argazki aterata ere, ez dira bi berdinak irtengo. Teknika honekin ezin da presaka ibili. Kimikoak ere neuk prestatzen ditut produktu diferenteak nahastuta, eta horiek ere ezin dira prestatu eta berehala erabili. Kasu batzuetan hilabete ere laga behar izaten da likidoa emulsionatzen. Estudioan ordu pila bat pasatzen ditut, baina gustura. Dena nire kabuz ikasi behar izan dut. Batetik, alor teorikoa ikasi behar izan dut, baina gero asko praktikatu ere bai. Argazki handiak estudioan egiten ditut, kamera berezi batekin. Ukrainan erosi nuen gerra bete-betean, eta bi hilabete pasa egon nintzen zain. Pakete handia zen eta norbaitek pentsatuko zuen agian arma arriskutsuren bat zela!
Kultur Etxean daukazu erakusketa hilaren 26ra arte. Zer ikusi daiteke bertan?
Bi teknika desberdinetan ateratako argazkiak jarri ditut: dagerrotipoa eta kolodio hezea. Paisaje batzuetako argazkiak ere badaude, baina gehienak erretratuak dira. Azkoitiarrak dira gehienak, baina elgoibartar batzuen argazkiak ere badaude. Berez erakusketa da, eta argazkiak ez daude salgai. Nik niretzako egiten dut hau, niri gustatzen zaidalako. Argazkiak saltzeak pena handia ematen dit.