Kolodio hezea teknikarekin egindako argazkien erakustaldia egiten ari da Jon Andoni Martin

Barren 2024ko ira. 4a, 15:36

Argazki-prozesua bere hastapenetan sortu zen bezala ikusteko aukera dago gaur Aita Agirreko arkupeetan.

Kolodio hezea izeneko argazkilaritza teknika bereziari buruzko erakustaldia egiten ari da gaur, egun osoz, Jon Andoni Martin argazkilari azkoitiarra Aita Agirreko arkupeetan. Hain zuzen, teknika hori erabiliz ateratako argazkiekin osatutako erakusketa inauguratuko du Martinek, barikuan, Elgoibarko Kultur Etxean. Irailaren 6tik 21era egongo da ikusgai Ongarri Argazkilari Taldeak eta Udaleko Kultura Sailak antolatutako erakusketa eta egileak berak emango ditu erakusketari buruzko azalpenak inaugurazio egunean, 18:30ean. Gaurko erakustaldian ateratzen ari den argazkiak ere jarriko ditu erakusketan. 18:00akl aldera arte egongo da gaur jendearen erretratuak ateratzen. Erakusketa astelehenetik zapatura egongo da irekita, 18:30etik 20:30era.

 
 Zer da kolodioi hezea?

Hona teknika berezi honen inguruan Jon Andoni Martinek emandako azalpenak. Kolodioi hezearen teknika fotografikoa Gustave Le Grayk deskribatu zuen eta, azkenik, 1851an Frederick Scott Archerrek sintetizatu. Esan liteke argazkigintzaren munduan lehen iraultza demokratizatzaile handia izan zela, zeinaren bidez argazkigintza publiko zabalarentzat eskuragarria bihurtu baitzen dagerrotipoa bezalako beste teknika garesti eta arriskutsuen aurrean. Hala ere, teknika honek, gure mugikor eta gailu digitalek ez bezala, argazkigintzarekin adina du zerikusia artisautzarekin eta alkimiarekin. Argazkilaria prozesu guztiaren arduraduna da, ingurunea egokitzetik hasi eta plakaren garapenean esku hartzen duten kimikoak nahasteraino, eta une oro kontrolatzen du ingurumen-baldintzak betetzen direla elementu kimikoen konbinazio iragankor horrek bere lana egin dezan. Prozesua kolodioiaren isurketarekin hasten da, zeinak argazki-filmarena egingo baitu aluminiozko edo beirazko plakaren gainean. Ondoren, emultsionatutako plaka, zilar nitratozko bainu batean murgiltzen da zenbait minutuan, eta kolodioian esekitako gatzen bidez erreakzionatuko du plaka fotosentikor bihurtuz. Material sentikorra lortu ondoren, plaka txasis batean sartzen dute, iluntasunean, eta hori da kameran kargatzen dena. Argazkia ateratzen kontzentratzeko unea da, horretarako, segundo batzuetako esposizio bat behar da, non erretratatutako pertsonak erabat geldi egon beharko duen. Ondoren kameratik txasisa atera behar da, laborategira eramateko. Bertan, errebelatze klasikoaren hiru faseetatik igaroko da eta azken emaitza lortzen da, zeina kontu handiarekin garbitu, lehortu eta bernizatu behar da behin betiko ezaugarriak eskuratu aurretik. 
"Kolodioi bidezko argazkigintzaren nolakotasun estetikoak, xehetasunez harrigarriki beteak, beronek dakartzan artisau prozesu berezi eta inperfekzioek, erretratu hauek objektu paregabe bihurtzen dituzte, birtualki errepikaezinak, bere balioa materialetatik eta horiek lortzeko erabilitako denboratik haratago doalarik. Kolodioiz egindako erretratu bat, etxera eraman beharreko aluminiozko plaka bat zein horman zintzilikatu beharreko erreprodukzio bat baino askoz gehiago da: argazki-prozesua hasieran pentsatu zen bezala zure begien aurrean nola gertatzen den ikustea da eta bere funtsezko materialetatik (argia, zilarra eta denbora) bere zatien batura baino gehiago den emaitza batera igarotzea. Eta, gainera, kontsumo zoroko garai honetan normalean suertatzen ez den patxada eta hausnarketarako aukera bat. Bizitzea merezi duen aukera bat".

Gaur ematen ari den erakustaldiko zenbait argazki eta Kolodio hezea teknika erabiliz Jon Andoni Martinek ateratako zenbait argazki: