Cristina Ortega: “Martera heldu eta gero, Lur-1 satelitearekin berriz ere sentitu dugu gorenera iritsi garela”

Barren 2024ko ira. 10a, 12:20

Cristina Ortega, AVS-ko espazioko zuzendaria. Arg: AVS

Oso osorik Euskal Herrian egin den estreinako satelitea garatu du Elgoibarko AVS enpresak eta bertako Espazioko Zuzendaria da Cristina Ortega Juaristi eibartarra.

Elon Musk ezagunaren Space X konpainiaren Falcon 9 koheteak espazioratu zuen oso osorik Euskal Herrian egindako lehen satelitea, joan den abuztuaren 16an, AEB-ko Espazioko Indarrak Vandenbergen (Kalifornia) duen basetik. Elgoibarko Added Value Solutions-ek (AVS) diseinatu eta muntatu du Lur-1 izena duen satelitea Arabako Parke Teknologikoan dituzten instalazioetan, eta Cristina Ortega Juaristi eibartarra izan da proiektuaren buruetako bat, bera baita AVS-ko espazioko zuzendaria. Marte planetara birritan iritsi ondoren, beste mugarri bat ezarri du Cristina Ortega Juaristik bere (espazioko) ibilbidean. Eta ez hori bakarrik, lorpen hau mugarria baita Euskadiko espazioko-industriarentzat, Lur-1 hemen egin delako eta, besteak beste, gure lurraldea behatzeko erabiliko delako.
Eibarko ...eta Kitto! toki komunikabideak Ortega elkarrizketatu du eta hona ekarri dugu solasaldia.

Nola bizi izan zenuten Lur-1 satelitearen jaurtiketa?

Urduritasun handiarekin. Hasteko, jaurtiketarako itxaron egin behar izan genuelako. Space X-ek hasieran esan zigun suziria ekainaren 1ean jaurtiko zutela. Beraz, Lur-1 maiatzetik zegoen suzirian instalatuta. Itxaronaldi horrekin denbora, aukerak eta lehiakortasuna galdu genituen, espazioko merkatuan segundo bakoitzak duelako garrantzia. Bestetik, Space X enpresaren Transporter misioen barruan, aurretiko jaurtiketak akats bat izan zuen jaurtiketaren bigarren etapan eta horrek ere urduritasuna areagotu zuen. Izan ere, akatsen bat izanez gero, satelitea galdu egingo genuke eta akabo. Laburbilduz, urduritasun egoera horretan geunden eta jaurtiketa ondo joan zela, satelitea suziritik ondo banandu zela eta handik zuzen irten zela ikustean, demaseko emozioa sentitu genuen.

Zein izan zen hurrengo pausua?

Satelitearekin kontaktatzea. Hasieran kostatu egin zitzaigun. Izan ere, suziriak satelitea gutxi gorabehera non askatu duen esaten dizu, baina Gasteizeko egoitzan dugun antena batekin bere posiziora apuntatu behar genuen eta, kokapen zehatzik ez genuenez, ondo harrapatu arte, sateliteak pare bat aldiz orbitatu zuen. Jaurtiketa egin eta hurrengo egunean egin genuen kontaktua satelitearekin eta hor bai poza betea izan zela. Den-dena ondo zegoen, sistema guztiek funtzionatzen zuten eta, gauzak horrela, misioa hasteko prest geunden.

Bost urteko misioa izango du Lur-1 sateliteak, baina zein izango da zehazki?

Lur-1 sateliteak lau helburu ditu: batetik, espektro anitzeko kamera bat darama eta Euskadiko irudiak egingo ditugu, irudiak erakundeen eta ikerketa zentroen (HAZI eta AZTI) esku lagatzeko. Gaur egun eskura dauden satelite-irudiak baino irudi hobeak egiteko diseinatu dugu Lur-1, zentro horien ikerketetarako baliagarriak izan daitezen. Hori Lur-1 baliotzeko egingo dugu eta gure asmoa etorkizunean irudi horiek komertzializatzea da. Bigarren helburua etorkizunean komunikazio kuantikoak egin ahal izateko esperimentu bat egitea da. Komunikazio kuantikoak etorkizuna direla uste da, hackeaezinak direlako. Kontua da gaur egun Lurrean ez dela oso erraza seinale kuantikoa pasatzea, zuntz optikoaren bitartez egiten delako. Beraz, etorkizuna satelite bidezko komunikazio kuantikoan dagoela uste da, Lur planetako puntu batetik bestera komunikazioa mikrosegundoetan egin dezakezulako. Orduan, AVS-n hori egin ahal izateko teknologia garatu dugu eta lurretik laser-teleskopio batekin probatuko dugu. Ondo dabilela egiaztatuz gero, erabili ahal izango den teknologia izango da. Hirugarren helburuari dagokionez, Lur-1 satelitean Europako Espazio Agentziarekin garatu dugun interfaz mekaniko bat daramagu, hemendik aurrera Europako satelite guztiek eramango duten interfaza. Horren bitartez etorkizunean sateliteak orbitatik ateratzea lortu nahi da, zerbitzuko beste satelite batek funtzionatzeari utzi dion satelite hori harrapatzeko, sarrerako orbitan kokatzeko eta espazioko zabor ez bihurtzeko. Lur-1 da espazioan teknologia hori jarri duen Europako lehen satelitea eta espazioko jasangarritasuna erakusteko balioko du. Garrantzitsua da hori, arazo globala delako. Azkenik, laugarren helburua orokorragoa da, baina guretzat proiektu hau gure teknologiaren erakuslea da. Hau da, honekin espazioko misio oso bat egiteko gai garela erakutsi nahi dugu, eta hemendik aurrera misio gehiago egin.

Lorpen hau zergatik da garrantzitsua Euskadirentzat?

Espazioko merkatua oso modu azkarrean ari da aldatzen, batez ere gaur egun Space X bezalako enpresei esker espaziora heltzea eskuragarriagoa delako. Horrek negozio berriak sortzeko aukerak ematen ditu eta Euskadi bezalako lurralde batean, non industria-sare garrantzitsua dagoen eta mundu aeroespazialean maila altua erakutsi den, espazioko misio oso bat garatzeko pausua emateak Euskadi guztia posizionatzen du espazioko panoraman.

Elkarrizketa osorik etakitto.eus webgunean

Ikus honako bideoan nolakoa den Lur1 satelitea

Lur1 satelitea, diseinatu eta garatu duen AVSko lantaldeko zenbait kiderekin. Arg: AVS

∞ Lotura duten albisteak: