AVS enpresa Arabako Parke Teknologikoan, Miñaon, dituen instalazioetan garatzen ari da LUR-1 proiektua, azken hiru urteetan. Lurra behatzea eta espaziotik argazkiak ateratzea izango da satelite honen zeregin nagusia, eta gauzak ondo bidean Kaliforniatik (AEB) jaurtiko dute, 2024ko erdialdean. Elon Musk ezagunaren SpaceX enpresaren Transporter 11 misioan jaurtitzea aurreikusten dute.
Satelite hau eraikitzeko proiektu honen nondik-norakoak gertutik ezagutzeko aukera izan zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Miñaora joan den urriaren 27an eginiko bisitan. AVSk satelite-plataformetan oinarritutako lehen misio komertzialaren esleipena jaso izana, ROADS misioarena, "beste albiste handi bat" dela adierazi zuen Urkulluk horren berri eduki zuten egunean bertan. NASA espazio agentziarentzat "interes handikoa" dela nabarmendu zuen, "orbitatzeko, bizitza zabaltzeko eta sateliteak orbitan mantentzeko funtsezko teknologiak" erakutsiko dituelako. Urkulluk baieztatu zuenez, espazio industria da hurrengo urteetan gehien haziko den sektorea, eta lehendakariak AVSri aitortu zion, "Euskadi munduko eta espazioko mapan” kokatzeko lidergoa.
Lehendakariaren esanetan, "miresgarria" da "Elgoibar bezalako udalerri txiki batean jaio den enpresa batek gaitasun teknologikoak garatzea eta partekatzea "lehen mailako aliatuekin", hala nola NASArekin edota Europako Espazio Agentziarekin". Ukulluren ustez, ur handiak dira horiek eta "gure herriaz" harro egoteko arrazoi bat.
“AVS espaziora begira ari da lan egiten, horrek betidanik deitu dio arreta gizakiari. Zuen lanak argi izpi bat gehiago ipintzen dio inguratzen gaituen geruza beltz horri. Unibertsoaren parte gara eta inguratzen gaituen unibertsoa hobeto ulertzen laguntzen diguzue” esan zuen Urkulluk. AVSk Elgoibarren duen egoitza ere ezagutzen du lehendakariak, 2017an izan baitzen bisitan Sigma industrialdean duten enpresan.
∞ Lotura duten albisteak:
- Iñigo Sard: “AVSk beste inork egiten ez dituen gauzak egiten dituen ospea dauka” (2021-02-25)
- Marteko gainazalean da Elgoibarren egindako teknologia duen NASAren Perseverance ibilgailua (2021-02-19)
- AVS enpresa Basque Industry 4.0ren adibide argia dela esan du Iñigo Urkullu lehendakariak (2017-03-20)