Jaia eta lehia, San Antolin jaietan

Barren 2024ko ira. 9a, 11:31

San Antolin Eguneko ospakizunen ostean, asteburuan jarraitu du festak Arriaga auzoan. Jaia eta lehia uztartu dituzte, eta giro onean joan dira San Antolin jaiak. 

Bariku arratsaldean hasi ziren San Antolin jaiak dagoeneko tradizio bilakatu diren txapel eta oliba hezur jaurtitze txapelketekin. 

Gizonezkoetan Aitzol Urainek irabazi zuen txapel jaurtitze txapelketa errekor guztiak hautsiz. 35 metro egin zituen, eta epaileek lanak izan zituzten haren jaurtiketa neurtzeko ere. Emakumezkoetan Pilar Arriola izan zen onena 24,75 metrorekin. Oliba hezur jaurtitketan helduen eta umeen kategoriak bereiztu zituzten. Helduetan Aitzol Urain izan zen onena berriz ere 13 metrorekin eta umeetan Eire Soraluze, 5 metrorekin. Bertso afariarekin amaitu zuten barikua. 

Zapatuan, berriz, herri kirolak, patata tortila lehiaketa, pultso txapelketa eta txokolate jana egin zituzten arratsaldean, eta gauen erromeria egon zen, Kitziki taldearekin. 

Pultso lehiaketan Aneitz Arrona eta Karmel Leon izan ziren indartsuenak eta tortilla lehiaketan Irati Astigarragak eta Maddi Uriak egindako tortilla aukeratu zuten irabazle.

Errifak ere saldu dituzte jaien harira, eta hauek izan dira zenbaki saridunak: 

   1. saria: 4164 (ordezkoa: 1197) 
   2. saria: 1229 (ordezkoa: 5839)
Irabazleek urriaren 7ra arteko epea izango dute saria jasotzeko. 
 
*Argazkiak: BARREN eta Mikel Askasibar/Elgoibarko Udala.