Oparia ziurtatuta dute Txankakua txartela erabilita elkartera atxikitako dendaren batean erosketak egiten dituzten bezeroek, aterki bat oparituko baitiete txartelarekin egiten duten lehen erosketan. Irailaren 6tik 30era bitartean egongo da indarrean kanpaina, edo aterkiak agortu bitartean. Kanpaina hori, Elgoibarko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Nafarroako Rural Kutxaren laguntzarekin aurrera atera ahal izan dutela zehaztu dute Txankakuako arduradunek.
Kanpaina berria, urritik aurrera
Txankakuaren txartela sustatzeko kanpaina gehiago ere egiten dituztela azaldu dute. Urritik urte amaierara bitartean, 10 euroko erosketa hobaridun sariak emango dituzte. Alegia, erosketa bat egin ondoren ausaz 10 euroko sariak atera daitezke. Aurten, erosketa hobari horien bidez 3.000 euro banatu asmo dituzte bezeroen artean.
Txankakuaren txartela eskuratzea doakoa dela gogora ekarri dute, eta bezeroari hiru hilabetean ordaintzeko aukera ematen diela, interesik ordaindu gabe.