Ospatu berriak diren jaiak elgoibartarrei zer iruditu zaizkien jakin nahi du Elgoibarko Udalak, eta irailaren 12an antolatu duten batzarrean parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak. Udalak aste hasieran kaleratu zuen bere balorazioa.
Aita Agirre kulturguneko areto nagusian (1. solairua) egingo dute batzarra, datorren asteko eguenean, 17:00etan. "Topaketa honen helburua da San Bartolome jaien balorazioa jasotzea eta datorren urteko ospakizunak hobetzeko guztion ekarpenak entzutea", adierazi dute.
Udalaren ustez, funtsezkoa da herritarrek herriko jaien plangintzan eta hobekuntzan aktiboki parte hartzea, jai horiek Elgoibarko pertsona guztien interesak eta nahiak islatzen dituztela bermatzeko. Batzarrean parte hartu nahi dutenek mezua idatzi behar dute kultura@elgoibar.eus helbidera.