Britainia Handikoak dira auto-konboia osatzen duten lagunak, Ingalaterra iparraldeko Birmingham eta York hirietakoak eta ingurukoak, eta eskoziarrak ere badaude taldean. Azaldu dutenez, gaur hasi dute bidaia Bilbotik, autoak ferrian ekarri eta gero. Gaur Iruñearaino ailegatzeko asmoa dute eta taldeko zenbait lagunek Elgoibarren egin dute hamaiketakoa hartzeko geldialdia, lau autok hain justu ere. Irudi polita laga dute Kalebarren plazan eta argazki mordoa egin dizkiete handik igaro diren herritarrek, autoen dotoreziarekin txundituta. Autoetara igo eta argazkiak egiten ere laga diete hainbati. Iruñatik Zaragozara eta handik Bartzelonara joatea da euren asmoa. Aurrez ere egonak dira inguruotan eta uda honetan beste bidaia bat ere egin dute La Hayatik (Herbehereak) Istanbulera (Turkia).
Bidaiarietako batek Kultur Etxe aurrean aparkatuta zegoen Arrol-Johnston markako auto txuria dela taldeko ikusgarriena aipatu du. Auto marka eskoziar horrek 1895 eta 1931 bitartean ekoitzi zituen autoak eta 1911koa da Elgoibaren egon dena, Lehen Mundu Gerra aurrekoa. Gainerako hiru ibilgailuak Sunbean markakoak ziren 1913koak.
Orain bi urte ere igaro zen Elgoibartik era honetako ibilgailu historikoen beste talde bat. Ezusteko geldialdia egin behar izan zuten orduan, autoetako batek matxura edukiu baitzuen Aiastian behera zetorrela.