Albara Ganadutegikoen sokamuturarrekin hasi da eguna eta lagun asko batu dira kalean. Goitibehera jaitsierak eta drif trike erakustaldiak ikusteko ere jendetza batu da Azkueko aldapetan. Eta horien ostean, marea arrosak hartu ditu herriko kaleak. 700 gaztetik gora batu dira Maalako Gune Askekoek antolatutako bazkarian. "Gaztiak gera barren" leloa duten arrosa koloreko kamisetak jantzita Mauxitxa txarangarekin egin dute Sigmara arteko bidea, eta Euskal Parrillak prestatutako bazkaria jan dute han, giro apartean. Kamisetez gainera, era guztietako txapelak jantzita ibili dira gazteak, zein baino zein originalagoak. Bazkaritik bueltan jokoetan hartu dute parte.
Aurten nerabeentzako bazkaria ere egon da estreinakoz, Gazteen bazkarian parte hartzeko gazteegiak direnentzat. Horiek elizpean batu dira, eta bazkalostean Kitziki taldearen kontzertuaz eta Oihan Vegaren emanaldiaz gozatzeko aukera eduki dute Plaza Handian.
Herri kirolek ere izan dute lekua egitarauan eta hamabi emakumezko lehiatu dira Aita Agirre plazan jokatu duten herri kirolen taldekako triatloian. Gipuzkoako taldea gailendu da. Lierni Osak (harrijasotzea), Nerea Arrutik (aizkora) eta Ainitze Zumetak (txinga erutea) osatu dute talde irabazlea.
Gauean, DJ Agotek eta Akerbeltz taldeak Maalan eman duten kontzertuek girotu dute jaia. Sekulako giroa sortu du kanta euskaldun ezagunen bertsioak jotzen dituen Akerbeltz taldearen energiaz beteriko zuzenekoak.
- ARGAZKI-BILDUMA: Nerabeen eta Gazteen Eguna, irudietan