Heriotza eta dolu perinatala bistaratzeko eta ataka horretatik pasa diren familiek bizi duten egoera normalizatzeko ekitaldi egokia iruditu zitzaiela azaldu zien Maialen Gurrutxaga alkateak ekitaldira gerturatutako familiei. Haurdunaldiko 24. astetik jaio osteko lehen 7 egunetara bitartean gertatzen den heriotzari deritzo heriotza perinatala. Esperientzia hori bizitzea tokatu zaion Alba Mazo Urrosolok hartu zuen hitza eta dolurik ederrena aitortzatik hasten dela nabarmendu zuen. Horregatik, omenaldia egin zien 2023an hilda jaio diren haurrei edo jaio eta gutxira hil direnei. "Gaur fisikoki gure artean ez dauden arren, gure pentsamenduan daudelako. Oraindik ere tabua izaten jarraitzen duen dolu bati ahotsa eman behar zaiola uste dut, hitz egiten ez baldin bada, ume horiek ez direla existitu ematen baitu", esan zuen.
Hitz egiteko aukera emateagatik Udalari eskerrak emanez amaitu zuen Mazok. Gero bertsoak kantatu zizkieten ekitaldian parte hartu zuteneieta talde argazkia atera zuten.