Izenez Bezpera duen arren, ekitaldiz bete-betea dator jaietako aurreneko eguna. Etxaniz Memorialean lehiatu diren txirrindularien lasterketa izan da eguneko lehen ekitaldia 9:00etan, eta ia ordu berean batu dira herriko historiazaleak ere San Bartolome eliza aurrean. Pello Arrieta eta Javier Elorza historialariek bisita gidatua eskaini diete.
Jaietako zapia jartzen azkarrenak San Lazaro egoitzako egoiliar eta beharginak eta Eguneko Zentroko erabiltzaileak izan dira. Herriko gazteenek hartu diete erreleboa zaharrenei, iaz Elgoibarren jaiotako 70 ume eta euren gurasoak baitzeuden deituta udal ordezkariek eskaini dieten ongi-etorrira. Aita Agirre egin duten ekitaldian jantzi dute zapi gorria etorri berrienek.
Ofizialki, baina, 13:00etan bota duten txupinazoarekin hasi dira aurtengo jaiak. 1899ko irailaren 18an sinatu zuen Elgoibarko Udalak Lanbide Heziketako eskola sortzeko baimena ematen zuen agiria. 125 urte beteko dira ordutik, eta hainbat herritarrez osatutako batzordea lanean ari da egun horretan bertan ospakizun berezia egiteko. 24-25 ikasturterako egitaraua prestatzen ari dira, eta irailaren 18an izango du hasiera ofiziala. Horren aurretik, baina, San Bartolome jaiei hasiera emateko ohorea izan dute gaur Elgoibarko Lanbide Heziketako ordezkariek. IMHko Lanbide Heziketako zuzendari Alaitz Bastida, Mekako zuzendari Jose Mari Beristain eta Mekako zuzendari eta IMHko irakasle izan zen Jose Mari Bastida igo dira udaletxeko balkoira, Edurne Bilbao, Josean Egaña eta Pedro Andonegirekin batera, jaien hasierako txupina piztera.
Txupina jaurti aurretik Larrain dantza herrikoiak girotu du plazako giroa, azken urteotako ohiturari eutsiz.
Txupinazoa amaitu eta bat hasi ditu bere lanak Elgoibarko jaietan ezinbestekoa den Mausitxa txarangak eta 15:00ak aldera arte aritu dira kalejiran. Ordu horretan jaurti dute txupinazo tradizionala.
- ARGAZKI-BILDUMA: 2024ko San Bartolome Bezpera Eguna
2024ko San Bartolome jaietako EGITARAUA -PDF-