Sanbartolomeak 2024

Ume eta jubilatuek elkarrekin banatuko dute hamaiketakoa lehen sokamuturraren ostean

Barren 2024ko abu. 24a, 18:41

Umeen eta Nerabeen egunetako hainbat jarduera hartu ditu aisialdi taldeak bere arduran, eta berrikuntzen artean, ume eta jubilatuek elkarrekin banatuko duten hamaiketakoa aipatu behar da. Atzo elkarrekin egin zituzten sokamuturra ostean banatuko duten hamaiketakoa prestatzeko erosketak.

"Elgoibarren bi kolektibo ditugu jaietako egun horretan bat egiten dutenak: umeak eta jubilatuak. Urteetan partekatzen dute eguna jaietan, baina sekula ez dute ezer egin elkarrekin. Jubilatuen Biltokikoekin hitz egin nuen, eta ondo ikusi zuten zerbait egitea elkarrekin, beraz, egun horretan hamaiketakoa prestatu eta elkarrekin banatuko dute salda eta txorizoa, sokamuturraren ostean, plazan. Txerrikirik jaten ez dutenentzat halal haragia egongo da, inklusioa ere badugulako zehar-lerrotzat", azaldu du Atxutxiamaikako arduradun Naiara Martinek. 
Bezpera Egunean egin zituzten erosketak elkarrekin. Erosketen ostean Jubilatuen Biltokia erakutsi zieten zaharrek gazteei, bisita gidatua eginez.