Bigarren urtez izango da Atxutxiamaika sanbartolomeetako eragile. Zein izango da jaiei egingo diezuen ekarpena?
Bai, aurten ere eskatu digu Udalak ekintza batzuk kudeatzea eta baietza eman dugu, iruditzen zaigulako garrantzitsua dela Atxutxiamaika jaietan eragile izatea. Gure balioen arabera diseinatu eta kudeatuko ditugu ekintzak. Iaz eskatu zigun Udalak estreinakoz Umeen eta Nerabeen eguneko zenbait ekintza kudeatzeko, eta egia da denbora gutxirekin ibili ginela gauza berriak prestatzeko, baina eguna nola joan zen ikusita, aurten beste lanketa bat egin dugu.
Nola joan zen ba eguna?
Konturatu ginen bazkalostean umeak berehala joan zirela barraketan ibiltzera, egun horretan euro batean egoten direlako, eta horrek ez du aukerarik ematen bazkalostean ezer antolatzeko. Ez dira adin desberdinetako umeak nahasten, ez dituzte lagun berriak egiten, bakoitza bere betiko taldearekin egoten da... Guk ez genuen hori nahi. Horren paraleloan, Gradu Amaierako Lana egitea egokitu zitzaidan, eta Umeen Eguna aukeratu nuen gai moduan. Lan hori egiteko elkarrizketak egin nizkien udal ordezkariei, teknikariei, gurasoei, nerabeei eta umeei, eta ondorioztatu nuen ume eta nerabeek parte-hartze aktiboago baten beharra zutela. Ume eta nerabeek ez dute kontsumitzaile hutsak izan nahi jaietan. Jaiak komunitatea lantzeko eta kultur transmisiorako tresna baldin badira, eta nik uste dut badirela, ume edo nerabeak ezin dira kontsumitzaile huts izatera mugatu. Era berean, ikusi dut belaunaldi eta kolektibo desberdinak nahastu beharra dagoela, hiritartasuna, herrigintza eta kultur transmisioa lantzeko, eta horretarako, parte-hartzea ezinbestekoa da.
Nola prestatu dituzue ekintzak?
Parte-hartze prozesu bat diseinatu genuen. LHko 125 umeren iritzia jaso dugu, galdetegi baten bidez eta Ludotekan egindako pare bat saioren bidez. Umeei galdetu diegu zer nahi duten, eta erantzun horietan oinarrituta hartu ditugu erabakiak. Abenduan hasi genuen prozesua,udaldian izan du segida, eta sanbartolomeetan amaituko da. Hausnartuta eta landuta prestatu ditugu aurtengo ekintzak, eta jaien ostean balorazioa egin beharko dugu, baina nik uste dut ekarpen positiboa egin dugula. Eragile asko bildu ditugu: Jubilatuen Elkartea, Inazio Bereziartua Musika Eskola, Bergarako Erraldoi eta Kilikien Konpartsa, udal ludoteka eta udal gaztelekua, Elgoibarko Erbuze Konpartsa, Atxutxiamaika...
Zeintzuk dira berrikuntza nagusiak?
Irudi lehiaketa kudeatu dugu ume eta nerabeen artean, eta irudi irabazleekin egin ditugu kamisetak. Ume bakoitzak bere gustuko kolorea aukeratu du. Horrez gain, gehiengoak bazkaria etxetik ekartzea nahi zuen, eta horrela egingo dugu. Baina postrea momentuan prestatuko dute, eta tarte horretan uste dugu harremanduko direla. Adinka jarri nahi dutela ere esan zuten, beraz, bi adin tarte bereiztuko ditugu: LH1-LH3 eta LH4-LH6. Bazkalostean aulki-joko erraldoia egingo dugu; udaldian ere egin genuen eta oso ondo funtzionatu zuen. Bergarako erraldoiak ere etorri ziren udaldian gure herriko haurrei erraldoiak nola dantzatzen ziren erakustera, eta horrez gain, Erbuze konpartsako zenbait kidek erraldoien eta buruhandien inguruko azalpenak eman zizkieten bi egunetan haurrei. Jaietan, herriko haurrek aukera izango dute Bergarako erraldoi txikiak eramateko, Mauxitxa eta BetiSua txarangak lagunduta. Apar festa ere eskatu zuten, eta egongo da. Bustitzeko arropak eta uretako betaurrekoak ekartzea komeni da ekintza horretarako. Bazkariko lanak ere banatu egingo ditugu. 13:00etarako deitu ditugu plazara eta beraiek erabakiko dute zer lan egin: mahaia jarriko dute batzuek, zakarrak batu besteek... Beraiek izango dira eragileak egun horretan. Propio 0-5 urtekoentzako ekintzarik ere ez zen ezer egoten jaietan, eta aurten jolasgunea jarriko dugu Bolatokian haientzat.
Berrikuntzen artean, ume eta jubilatuek elkarrekin banatuko duten hamaiketakoa ikusi dugu.
Elgoibarren bi kolektibo ditugu jaietako egun horretan bat egiten dutenak: umeak eta jubilatuak. Urteetan partekatzen dute eguna jaietan, baina sekula ez dute ezer egin elkarrekin. Jubilatuen Biltokikoekin hitz egin nuen, eta ondo ikusi zuten zerbait egitea elkarrekin, beraz, egun horretan hamaiketakoa prestatu eta elkarrekin banatuko dute, sokamuturraren ostean, plazan. Txerrikirik jaten ez dutenentzat halal haragia egongo da, inklusioa ere badugulako zehar-lerrotzat.
Nerabeen Eguneko bazkaria ere berria da.
Elkarrizketen ostean ikusi nuen nerabeek ez dutela egitarauan ezer bereziturik beraientzat. Umeen bazkarira joateko nagusiegiak dira, eta aldiz, gazteen bazkarira joateko, umeegiak. 12-16 urtekoentzako bazkaria prestatu dugu, eta umeen kasuan bezala, beraiek egingo dituzte prestaketa lanak, postrea... Bazkalostean elkarrekin harremantzeko ekitaldiren bat ere eskatu zuten, eta ondorio hori ere transmititu genion Udalari. Bazkalosterako, beraz, Udalak erromeria antolatu du Kitziki taldearekin, eta gero, Oihan Vegaren emanaldia ere egongo da. Egun horretan goitibehera eta drift trike jaitsiera kudeatzea ere gure arduran egongo da.
Barrakak oztopo bezala aipatu dituzu.
Bai, elkarrizketetan barraken gaia sarri errepikatu zen: garestiak direla, baztertzaileak dirurik ez dutenentzat edo paga handirik ematen ez dietenentzat, egunero daudela plaza publikoa okupatzen ordu pila batez, zaratatsuak direla... Herri erdian daude eta ezin da ihesegin barraketatik; atseden egunetan ere hor daude, sirenekin umeei deika... Ondorio hori bota nuen Udalak sustatutako jai batzordean hausnarketarako, eta nik herrigunetik ateratzea proposatzen dut. Aurten ez dut uste garaiz gabiltzanik, baina aurrera begira aintzat hartzeko gaia dela iruditzen zait. Gainera, barrakei esker umeek badute asebetetze sentsazioa, egunero daudelako barrakak, baina jaiak ez dira hori. Umeekin kultura landu nahi bada, barrakek izugarrizko konpetentzia egiten dute.
2023ko Umeen eta Jubilatuen Eguneko laburpen-bideoa: