Atzo okertzen hasi zen eguraldia erabat gaiztotu da gaur eta egun guztian zehar zaparrada mardulak bota ditu, ostarte laburrekin tartekatuta. Hala, eragina izan du eguraldiak jaietan. Leizarran ganadutegikoek ez dute zorte handiegia eduki eguraldiarekin, aurrenekoz aritu baitira Elgoibarko sokamuturran. Une batzuetan euria gogotik egin duen arren, jende ugari ibili da zezen eta bigantxen aurrean, tartean gaupasa egindako lagunak, domeketako sokamuturrean ohikoa den moduan. Halere, beste urte batzuetan baino lasaiagoa izan da zapatu osteko sokamuturra. Lurra irristakor zegoen bi hankakoentzat, baina lau hankakoek arazo handiagoak zituzten kaleetako zoru bustietan irrist egin gabe ibiltzeko.
Umeentzako prestatutako ekintzak aterpera eraman behar izan dituzte eta Aita Agirre Kulturgunean eta elizako aterpeetan eduki dituzte eurentzako prestatutako jolasguneak. Atxutxiamaikak antolatu ditu aurten estreinakoz umeentzako jolasak eta eskulanak, eta baita haurrentzako herri bazkaria ere. Ume bakoitzak eraman du bere ogitartekoa, eta edaria eta postrea jarri dituzte antolatzaileek. Arratsaldean irtetekoak ziren erraldfoiak eta buruhandiak ez dira irten eguraldiagatik, eta Mauxitxa txaranga bakarrik irten da.
Umeek moduan, herriko erretiratu eta jubilatuak ere batu dira bazkaltzeko, urtero ohi duten moduan, Olaizaga kiroldegiko kantxan. Basajaun musika taldeak girotu du bazkalostea eta dantzan aritu dira hainbat lagun. Kalegoen plazan ere dantza izan da ikuskizuna, 86. Dantza Solte Txapelketa jokatu baitute, Haritz Euskal Dantzari Taldeak Udal Txistulari Taldearen eta trikitilarien laguntzarekin antolatutako lehiaketa. Lizartzako Onditz Esnaola eta Andoaingo Jurgi Errandonea izendatu ditu epaimahaiak irabazle. 200 euro, garaikurra, txapela eta zapia jaso dituzte saritzat.
- ARGAZKI-BILDUMA: 2023ko umeen eta jubilatuen Eguna, abuztuak 27