550.000 euro bideratu ditu Foru Aldundiak Elgoibarko kirol instalazioetan hobekuntzak egiteko

Barren 2024ko uzt. 19a, 11:58

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak 830.000 euroko inbertsioa egingo du Debabarrenean, eta Elgoibar izango da onuradun nagusietako bat: 550.000 euro jasoko ditu Olaizaga kiroldegian eta Mintxeta futbol-zelaian hobekuntza lanak egiteko.

Goizane Alvarez Kultura eta Kirol diputatua Elgoibarren izan da gaur, eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatearekin eta Rikardo Astigarraga kirol zinegotziarekin batera Elgoibarko kirol instalazioetan egingo dituzten inbertsioen berri eman dute. 480.000 euro erabiliko dira Olaizaga kiroldegia hobetzeko, eta 75.360 euro Mintxeta futbol-zelaia zabaltzeko.  

Kiroldegian, osasungarritasunak eta klimatizazioak lehentasuna izango dute, eta klimatizazio-sistema berrituko dute. Energia-eraginkortasuna hobetzeko ere elektrizitate- eta argiteria-sistemetan berrikuntzak egingo dituzte, energia-kontsumoa optimizatzeko. Azkenik, jarduerak dibertsifikatu nahi dituzte, igerilekuan bereziki, jardueren eskaintza zabalduz, publiko anitzagoa erakartzeko.

 

Erabilera eta irisgarritasuna hobetzeko lanak Mintxetan

Mintxetako futbol-zelaian, bestalde, erabilera eta irisgarritasuna dagokienez hobetzeko esku-hartzeak egingo dituzte. Estalkia eta harmailak mantentzeari lehentasuna eman diote, elementu horiek kontserbatzeko obrekin, akaberak ordeztea eta iragazgaiztea barne. Energia-eraginkortasuna hobetu nahi dute, eta argiei arreta berezia eskainiko dietela jakinarazi dute.

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak adierazi duenez, inbertsio hau bultzada garrantzitsua da herriko kirol azpiegiturentzat. "Gure kiroldegiak eta futbol-zelaiak hobetzeak, kirola egiten dutenei mesede egiteaz gain, jarduera fisikoa sustatuko du pertsona gehiagoren artean, ingurune osasungarri eta aktiboagoa lortzen lagunduz. Eskerrak ematen dizkiogu Gipuzkoako Foru Aldundiari udal proiektuetan laguntzeagatik eta hobekuntza horiek gure udalerriarentzat duten garrantzia aitortzeagatik", adierazi du.

Goizane Alvarez Kultura eta Kirol diputatuak ere inbertsio hauek duten garrantzia azpimarratu du: "Gipuzkoako 10 pertsonatik 7k kirol instalazio hobeak izango dituzte 2023-2025erako Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planari esker". Plan horrek 8.180.000 euroko inbertsioa aurreikusten du guztira, probintziako 35 udalerritan kirol-azpiegiturak hobetzeko, 523.091 pertsonaren mesederako, hau da, gipuzkoarren % 72,8ren mesederako".

Debabarreneko inbertsioak

Elgoibarko inbertsioez gain, Debabarreneko beste udalerri batzuek ere jasoko dituzte diru-laguntzak Foru Aldunditik. Mutrikun 150.000 euro erabiliko dira futbol-zelaiak hobetzeko; Eibarren, berriz, 80.000 euro inbertituko dira pumtrack/skate park berria sortzeko.