Azkarate gaina eta Irukurutzeta artean dago Sargoate, Elgoibar eta Azkoitiaren arteko mugan. Urtero erromeria ospatzen dute paraje honetan eta aurten ere egingo dute. Sallobente Elkarteak antolatzen du, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin. Mezarekin hasiko dute ospakizuna, 11:00etan, eta meza ostean hasiko da erromeria, trikitilariek girotuta. Sallobenteko soziedadekoek salda, txorizoa eta edariak eskainiko dizkiete bertaratzen direnei.
Erdi aroan bidegurutze eta hiri edo herrien arteko mugetan gurutzeak ipintzeko ohitura zuten kristauek, eta ohitura horri lotuta dago Sargoateren historia ere. Pello Arrieta historialariaren esanetan, 1946. urtea baino lehenago hasi ziren Sargoaten erromeria egiten, inguruko auzoentzat topagune egokia baitzen. "Bertan, Sallobente, Madariaga, Urruzuno, Elosua eta inguruko beste nekazal auzoetakoek ez ezik, Azkoitia eta Elgoibarko kaletar asko ere elkartzen ziren uztailaren 25ean, Santiago egunean. Gerora, urte batzuetan galdu egin zen".
1996an berreskuratu zuten erromeria ospatzeko ohitura, herriko hainbat eragilek elkarlanean: Elgoibarko Udalak, Elgoibarko Izarrak, Morkaiko Mendizale Elkarteak eta Sallobente elkarteak. Sallobente elkartetik parte hartzera animatu dituzte auzo eta kaletarrak, "guztiok gozatuko dugu, eta hauspoa eman usadio zahar honi", esan dute.
Morkaiko Mendizale Elkarteak iturri bat ere eraiki zuen Sargoaten, Prudentzio Etxaniz bazkide fundatzailearen omenez, 1959an inauguratu zutena. 2013an auzolanean berritu zuten iturria.