30 bat lagunek hartu dute parte Sargoateko iturria auzolanean berritzeko lanetan

elgoibarren.net 2013ko urr. 8a, 12:44

 
Morkaiko Mendizale Elkarteak interes berezia duten mendi inguruak auzolanean berreskuratzeko proiektua jarri du martxan. Lehenengo lana Sargoateko iturri ingurua berritzea izango da, eta joan den zapatuan ekin zioten lanari. Mendi taldearen lanerako deiak erantzun zabala izan zuen eta 30 bat lagun aritu ziren auzolanean. (argazkiak dauzka)


 Sargoateko iturria inguratzen zuen pinudia bota berri dutela-eta, iturria eta ingurua txukuntzeko une egokia zela pentsatu zuten Morkaiko mendi taldeko kideek. Eta, egin asmo dituzten lanek luzaroan iraungo dutela ziurtatzeko iturri inguruko lur saila erostea erabaki zuten, hektarea bat gutxi gorabehera. Otsourtia baserriko Iñaki Zubizarretari erosi diote lur sail zati bat eta Zabaleta baserrikoei beste bat. Haiek emandako erraztasun guztiak eskertu nahi izan dituzte Morkaikoko arduradunek. Era berean, Pilar Arrese, Martin Galartza, Ana Artetxe eta Luis Mendibili ere eskerrak eman nahi dizkiete, eskainitako laguntza guztiagatik.

Sargoateko iturria, lanak hasi aurretik.

Iturriaren itxura, garbiketa lanen ostean.

Finantziazio iturri desberdinak
  Iturria eta inguruak txukuntzeko egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztu ostean, diru laguntza jaso du Morkaikok. Aurreztuta ere bazuten diru pixka bat, eta bestelako diru iturriak ere izan dituzte. Lau mendizale elgoibartarrek {Arkatiz Irureta, Iñigo Lariz, Iker Leonardo eta Joseba Elustondo} eginiko diru-ekarpena, kasu. Pare bat hitzaldi eskaintzegatik jasotako dirua Morkaikori eman zioten. Finantziazioa lortu eta gero lanerako prest zegoen jendea behar zuen Morkaikok, eta auzolanera deitu zituen elgoibartarrak. Morkaikoren esanetan, garrantzitsua da proiektu hau auzolanean aurrera eramatea: “beti izan da gure inguruan auzolanean aritzeko ohitura eta guri ere egokia iruditzen zaigu hala jardutea”.
Ikuspegia mantenduko dute
  Auzolanerako deiak arrakasta izan zuen eta 30 bat lagun batu ziren joan den zapatuan, Sargoateko iturria berritu eta inguruak txukuntzeko antolatutako lehen saioan {udazkeneko bizpahiru larunbatetan joango dira iturri ingurua txukundu eta zuhaitzak landatzera}. Ura bideratzeko hodi berria sartu, iturria eta inguruak garbitu, basoa soildu eta belarra erein zuten, besteak beste. Iturriaren aurrealdea garbi laga nahi dute Morkaikokoek, “Elgoibar aldera dituen bistak ez zapuzteko”. Hori dela eta ez dute zuhaitzik landatuko aurrealdean, bai, ordea, inguruetan. Iturrira ailegatzeko bidezidor berri bat egiteko lanak ere hasi zituzten. Igeltsiritza lanetan Modesto Ciden laguntza izan dute.
Lanerako ilusioa eta gogoa
  8:00etatik 15:00ak artean giro onean jardun zutela lanean nabarmendu dute Morkaikotik. “Jendea laguntzeko gogo eta ilusio handiarekin dagoela ikusi dugu eta interes berezia duten mendi inguruak auzolanean berreskuratzeko proiektuarekin aurrera jarraitzeko indarra eman digu”. Izan ere, Sargoateko iturria berritzeko lanak amaitutakoan Moruko ingurunea berreskuratzea da Morkaikokoen hurrengo erronka.
•ARGAZKIAK:
 
*Argazkiak: elgoibarren.net eta Haritz Arrieta.