Uztailaren 30ean lagako dute Garate jantzi denda Aintzane eta Ruth Garatek, eta Iratxe Etxarrik hartuko du erreleboa. Garatetarren hiru belaunaldiren ostean, beraz, pauso bat atzera egingo dute, baina dendak bere horretan jarraituko du. Poza eta tristurak bat egiten duten bidegurutzean beraz, pozak hartu du gaina, Garate jantzi dendak gaur egungo esentziari eutsiko diolako. "Poz handia ematen digu jakiteak dendak berdin jarraituko duela, eta alde horretatik lasai goaz. Esku onetan lagako dugu denda", esan du Aintzanek.
Badira urte batzuk erreleboan pentsa hasiak zeudela, eta azkenean ia ustekabean iritsi zaie. "Iratxe aspalditik ezagutzen dugu, gure konfiantzazko pertsona da, eta urteak daramatza dendetan lanean. Jakin genuen bere denda zabaldu nahi zuela, eta gu lagatzekotan geundenez, Garate eskaini genion".
Ez zuen denbora askorik behar izan Iratxek erantzuna emateko, eta bizpahiru egunetan erabakia hartuta zeukan. Lekukoa hartuko du Garate jantzi dendan, eta negozioaren bideragarritasun azterketa egin ostean, egungo izaerari eutsiko dio, beti ere bere ukitu pertsonala emanda.
Garatetarren 140 urteko ibilbidea, beraz, amaierara iritsi da. Genaro Garate eta Antonia Goiartzunek zabaldu zuten negozioa estreinakoz, Ruth eta Aintzaneren aiton-amonek. Lehenengo denda Pol-Pol taberna egon zen lokalean zabaldu zuten, gaur egun Kebab taberna dagoen horretan. Errentan zeukaten lokal hura, eta ahal izan zuenean egungo lokala erosi zuen aitonak, goiko solairuarekin. 11 seme-alaba izan zituzten, eta izeba bat ere beraiekin bizi zen. "14-15 bat lagun biltzen ziren egunero etxean, eta eguneroko bizimodua dendan egiten zuten. Lokalaren hondoan sukaldea zegoen, eta amonak han prestatzen zuen jatekoa. Bertan jaten zuten, eta gora lotara joaten ziren".
Sastreak ziren garatetarrak, eta arropa josi egiten zuten. "Garai hartan jantzi denak neurrira egiten ziren, eta lanbide garrantzitsua izan zen jostun eta sastreena".
Haien ondoren Niceto Garate eta Gloria Cagigas geratu ziren dendan, Ruth eta Aintzaneren gurasoak. 1966an hartu zuten dendaren ardura, hain zuzen ere Ruth jaio zen urtean. Aintzanek ordukoak ditu bere lehen oroitzapenak: "Dendari buruz ditudan lehen oroitzapenak dira Santa Klara eskolara joan aurretik aitari agur esatera etortzen nintzela dendara", oroitu du Aintzanek. Aulki txiki baten eserita topatzen zuen aita, josten. Hala ere, ordurako hasita zegoen aldaketa, eta jostungintza hasia zen apaltzen. Niceto eta Gloria, beraz, egoera berrira moldatu eta egindako arropak saltzen ere hasi ziren. Aldaketa handia izan zen hori dendarako, eta arropa berriak saltzen hasi ziren: "Gure aitak kirolerako afizioa zeukan, eta ehiza eta arrantza asko gustatzen zitzaizkion. Sastreria, beraz, ehiza eta arrantzako artikuluekin uztartu zuen hasieran, eta poliki-poliki, kirol desberdinetarako materiala saltzen hasi ziren".
Hirugarren belaunaldia izan dira Aintzane eta Ruth. Oinarrizko ikasketak amaitu eta zuzenean dendara joan ziren biak, gehiegi pentsatu gabe. "Lehen horrela izaten zen. Gure nebek ikasten jarraitu zuten, eta neskak dendan geratu ginen. Gurasoek ere horrela esaten zuten, neskak etxean geratu ginela laguntzen", gogoratu dute bi ahizpek. Aintzane ahizpa nagusia izanik, lehenago hasi zen dendan lanean. 16 urte zituela hasi zen lanean eta gogoratzen du bere aitarentzat sekulako iraultza ekarri zuela. "Estatu Batuetan modan zeuden praka bakeroak eta horrelakoak ekarri nituen lehenengo aldiz dendara. Eskaparateko tarte txiki bat uzten zidaten nire materiala jartzeko, eta gainerakoa beraiek antolatzen zuten. Sekulako arrakasta izan zuten bakeroek, ekarri eta saldu egiten ziren. Gurasoek ere ikusten zuten, beraiek josten zituztelako praken barrenak ere, eta konturatu ziren aldaketa zetorrela". Gizonezkoen jantziak saltzen hasi ziren hasieran, baina konturatu ziren emakumezkoek ere berdin erosten zituztela arropa haiek.
Denda izan da Aintzane eta Ruthen bizimodua, dena eman die dendak, eta beraiek ere zeukaten onena eman diote dendari. "Ordu asko sartu ditugu eta lan handia egin dugu, baina gustura bizi izan gara. Zorionez gure artean ere ondo moldatu izan gara, haserre handirik gabe", gogoratu dute.
Aintzane Elgoibarren bizi izanda, bere alabek ere lotura estua daukate dendarekin: "Dendan egin dugu guk bizimodua. 16 urterekin sartu nintzen eta akordatzen naiz nire multil-laguna dendara etortzen zela nire bila. Erditzera ere zuzenean joan nintzen dendatik, eta Ainhoa jaio zenean, ospitaletik zuzenean dendara etorri nintzen. Ni lanean eta umea sehaskan egoten zen hemen. Nire bi alabak dendan hazi dira, eta nire bilobak ere ez dira plazara joaten dendan geldialdia egin gabe". Ainhoa eta Nerea Lendinez dira Aintzaneren alabak eta haien lehen lan esperientzia ere Garate jantzidendan izan zen. Ainhoak azaldu du bere lehen curriculumean harrotasun handiz jartzen zuela Garaten hasi zela lanean: "Jendeak uste du denda bateko lana saltzea bakarrik dela, baina ezta urrik eman ere: arropa guztia markatu, ordenagailuko aplikazioan sartu, ordenatu, egunero errepasatu zer falta den kanpoan eta biltegitik atera... Amak lehen egunean esan zidan: 'Ainho, norbait sartzen denean, zuk jakin egin behar duzu dendan zer daukagun berarentzat egokia izan daitekeena'. Dendako lanean psikologia handia dago, enpatia landu behar duzu eta egun on zein ez hain onetan, bezeroarekiko hurbiltasuna erakutsi behar duzu. Orain garaiak asko aldatu dira, baina oraingoa ere izugarri polita da. Sare sozialetan sekulako harrera izan dugu eta oso-oso garai emankorra ari da izaten. Nik nere lanpostua daukat, baina beti nago begi bat dendan jarrita, asko gustatzen zait".
Ruthek 40 urte egin ditu dendan, eta azken urteetan gainera, berari tokatu zaio dendari tira egitea, ahizpak osasun arazoak izan dituelako. Zailtasun eta oztopo asko gainditu behar izan dituztela dio, eta egoera berrietara moldatu behar izan dutela. Merkataritza zentro handiak izan ziren lehenengo, Internet eta sare sozialak ondoren, eta azkena Ticket Bai. "Denda txikiak hilzorian daude. Guk zorionez eutsi diogu aldaketen olatuari eta negozioa martxa onean doa, baina toki guztietatik trabak jartzen dizkigute, lagundu beharrean. Oso nekeza da egoera hau", dio Ruthek. Hori dela eta, ulertzen dute beraien ondorengoek beste bide bat hartu izana. Nostalgia puntua nabari zaio hitzetan: "Gogoratzen naiz gu gazteak ginenean asteburuetako plana izaten zela kalera irten eta eskaparateak ikustea. Gaur egun beste ohitura batzuk daude, eta eskaparateak itzali egiten ditugu. Kaleak gris eta ilun daude, eta joera horrek horrela jarraituko du. Nik gozatu egin dut bezeroekin, konfiantza handia izan dugu beraiekin, konplizitate handia, eta ahal izan dugun ondoen hartu ditugu erosle guztiak. Dendan lan egiten duten langileek ere beti esaten digute hori dela gure altxorra". Gaur egun erosteko modua izugarri aldatu da, eta Internetez saltzen dute asko. Horretan Ainhoa Lendinezek lagundu die asko: "Eskerrak gure Ainhoari. Gaztea da, eta bere lanbidea dela-eta ezagutzen ditu sare sozialak. Gaur gaurkoz gure eskaparaterik onena hori da. Hor ikusten ditu jendeak gure produktuak, eta askok online erosten badute ere, bezero asko etortzen dira dendara han ikusitakoa erostera".
Komertzio txikiaren etorkizuna kolokan ikusten dute: "Iparraldea oso polita da, baina tristea, ez dagoelako dendarik, eta hegoaldea ere bide beretik doa. Denda txikiak bizia ematen dio herriari, eta zaindu egin beharko genuke". Pozik agertu dira Garate ahizpak Elgoibarko hainbat dendatan gazteek hartu dutelako erreleboa, baina uste dute epe laburrean komertzio asko itxiko direla, jubilazioen eraginez. Zorionez, Garate jantzi dendak aurrera jarraituko du, beste fase baten, baina betiko esentziarekin. "Ametsik onenetan nahiko genukeen moduko amaiera eman diogu etapa honi".