Antolatzaileek egunerako prestatutako manifestua irakurri zuten jendaurrean. Elgoibarren deseraikitze lan handia dagoela egiteko nabarmendu zuten, berreraikitze bat hasi aurretik. "Ezin dugu ahaztu Elgoibar langile herria dela; eta, beraz, LGTB+ borroka klase borroka izanik, herritar guztien eskubideak bermatzeko lan egin behar dugula". Eskubideak bermatu ahal izateko, baina, herritarrak aniztasunean hezteko baliabideak eta herritar guztien kontzientzietan eragiteko eta pizteko konpromisoak beharrezkotzat jo dituzte. Horren harira, Udaleko egituran talde zaurgarrietako kideak ordezkatuta egon beharko liratekeela uste dute, "aniztasunarekiko perspektiba asko aberastuko lukeelako".
Aldarrikapenekin batera beste mezu bat ere zabaldu zuten agerraldian, honakoa: "Herritarrei jakinarazi nahi diegu hemen gauzkatela, nahi dutenerako, lanean gaudela eta ateak zabalik ditugula". Instagramen duten kontuaren (@elgoibarlgtbik) bidez jar daiteke beraiekin kontaktuan. Amaitzeko, kolektiboa bera eta bere aldarrikapenak bistaratzearen alde lanean jarraituko dutela esan zuten.
Bi urte beteko dira Elgoibar LGTBIK+ taldea sortu zutenetik, eta jakinarazi dute poliki-poliki herritik eta herriarentzat jarduerak eta ekimenak antolatzea dela beren asmoa.