Inazio Bereziartua musika eskolako saxofoi irakasle eta zuzendari pedagogikoa izan da azken urteotan, eta datorren urtean Bilbo aldera eramango du bere musika, Bilboko Udal Musika Bandara, hain zuzen ere. Arrastoa laga du, eta faltan botako dute bere ikasle, lankide eta baita herriko eragileek ere, herrigintzan ere oso aktibo jardun du-eta. Jagoba Arrasateren hitzak erabili zituen agurrean, eta esan zuen ez dagoela triste badoalako, baizik eta pozik, Inazio Bereziartua musika eskolako parte izan delako.
Nola hasi zinen musikagintzan?
Garai hartako umeak hasten ziren moduan hasi nintzen ni ere musika ikasten. Musika eta koroa egin nituen, euskaldantzan ere ibili nintzen, futbolagatik laga nuen arte, eta instrumentua jotzen urtebete beranduago hasi nintzen. Ez dakit zein izan zen arrazoia, baina gogoan daukat instrumentua aukeratu behar nuenean ez nuela aukeratu, eta hurrengo urtean hasi nintzela saxofoia jotzen.
Elgoibarko Musika Eskolatik Donostiako kontserbatoriorako bidea hartu zenuen. Erabaki garrantzitsua zure bizitzan.
Bai. Musika Eskolara iritsi zen informazioa esanez Donostian Batxilergo Musikala jarriko zutela martxan. Nik argi izan dut beti musikaria izan nahi nuela, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Eskolan ondo moldatzen nintzen, eta esaten zidaten egin ahalko nuela ingeniaritzaren bat, baina nik ez nuen nahi, nik musikaria izan nahi nuen. Gutxietsita zegoen musikari izate hori, baina ez zitzaidan inporta. Kontserbatoriorako sarrera frogak gainditu nituen, eta Donostiarako bidea hartu nuen. Proba pilotu moduan jarri zuten martxan Batxilergo Musikala, eta gurea izan zen lehenengo promozioa. Groseko institutuko irakasleak etortzen ziren kontserbatoriora eta han ematen zizkiguten klaseak. Batxilergoko ikasgai tronkalak goizez ematen zizkiguten, eta arratsaldean kontserbatorioko musika klaseak jasotzen genituen. Niretzako oso egokia izan zen ikasketa guztiak eraikin berean egitea. Lagun oso onak egin nituen han eta oroitzapen oso onak ditut. Konturatu nintzen ni bezalako jende gehiago bazegoela, eta hori lasaitasun moduko bat izan zen. Elgoibarren bakarra izan nintzen musikarako bidea hartzen, eta nire zaletasun berbera zeukan jendea ezagutzea polita izan zen. Bizitzako lehen erabaki garrantzitsua izan zen Batxilergo Musikala egitera joatea, eta, eskerrak eman behar dizkiet gurasoei, erabaki horretan babesa eman zidatelako. Beti izan ditut alboan eta behar izan dudan toki guztietara eraman naute. Oso eskertuta nago. Amarentzat gogorra izan zen nire lagun guztiak Mekara joaten ikustea eta ni Donostiara, baina nik argi daukat nire lekua han zegoela.
Instrumentua aukeratzea ez da erraza izaten. Zuk saxofoia aukeratu zenuen. Zergatik?
Gaur egun instrumentu guztiak probatzen dituzte umeek, baina lehen ez zen horrela izaten. Nirea kasualitatea izan zen. Lehengusinaren senarrak bandan jotzen du, eta egun baten eraman ninduen instrumentuak ikustera. Putz egiteko instrumentu batzuk laga zizkidan, eta saxoari soinua atera nion. 'Hauxe da nirea', pentsatu nuen. 8 urterekin hasi nintzen ikasten, eta 16 urterekin sartu nintzen Donostiako Kontserbatorioan. Dena dela, Elgoibarko musika eskolan ere jarraitu nuen. Gustura nenbilen hemengo irakaslearekin eta ez nuen utzi nahi. Musikenen sartu nintzen arte jarraitu nuen Elgoibarko musika eskolan. Goi mailako saxofoi ikasketak egin nituen gero Musikenen lau urtez, eta handik Frantziarako bidea hartu nuen. Montpellierreko Kontserbatorio Erregionalean hartu ninduten, bi urteko ikasketak egiteko, baina ez nituen bukatu. Bilboko musika bandatik deitzen zidaten tarteka emanaldietan parte hartzeko, eta nik nahi nuen lan munduan muturra sartzen hasi, mundu hau ez delako erraza. Musikaren sektorea oso lehiakorra da. Ikasi ahal izateko bakarrik, sarrera frogak egin behar izaten dira eskola guztietan eta oso plaza gutxi egoten dira. Ni Musikenen sartu nintzen urtean bi plaza bakarrik zeuden, eta oso jende ona aurkezten da. Lanerako ere ez da erraza, beraz, garrantzitsua iruditzen zitzaidan Bilbotik deitzen zidatenean baietz esatea. Azkenenean laga egin behar izan nuen Montpellierreko eskola. Taldekako ikasgaiak ere bagenituen, eta ni klasera ez joateak beste ikasleei ere kalte egiten zien, eta erabaki nuen horrela ezin nuela segi. Handik gutxira jubilatu egin zen Elgoibarko musika eskolan nire irakasle izandakoa, eta niri eskaini zidaten haren lekua. 25 bat urte nituen. Migel Goiburu izan nuen irakasle, hernaniarra. Asko zor diot berari. Oso ondo konektatu genuen, eta gaur egun ere, badaukagu harremana.
Elgoibarko Udal Musika Bandako eta Mauxitxa txarangako kidea ere izan zara urte askoan. Ez dizut bietako bat aukeratzeko eskatuko...
Desberdinak dira biak, baina niri biak gustatzen zaizkit. Donostiako Kontserbatorioan hasi nintzenean sartu nintzen Udal Musika Bandan, eta oso gustura nabil. Azken batean, musika gustatzen zait eta denean gozatzen dut. Bandarekin plazan jotzea hunkigarria da, plaza bete jende ikustea, denak kantuan... baina Herriko Antzokiko kontzertuetan ere asko gozatzen dut. Publikoa isilik egoten da, eta bestelako atmosfera bat sortzen da. Musika banda oso potentea dauka Elgoibarrek. Denok elgoibartarrak gara, eta emanaldiak prestatzeko lan handia egiten dugu. Iruditzen zait asmatu dugula bandari ukitu berritzaile bat ematen, eta garai bateko zartzuela edota pasodobleez gain, estilo asko jorratzen ditugu gaur egun. Jo dezakegu musika klasikoa, modernoa, rock edo gospel taldeekin ere jo izan dugu edota Serafin Zubirirekin. Musikari onak daude bandan, langileak, giro oso ona daukagu eta hori ikusleei transmititzen diegu. Eta txaranga beste mundu bat da. Txarangan sartu nintzenean ni nintzen gazteena, eta niretzako sekulako eskola izan zen Mauxitxa, bai musikarako eta baita parrandarako ere.
Mauxitxarentzat Txiki Eguna berezia da. Nola nahiago duzu Txiki Eguna, txaranga barruan ala kanpoan?
Barruan, dudarik gabe. Orain dela bi urte izan zen Txiki Eguna kanpotik bizi izan nuen lehenengoa, eta ez dauka zerikusirik. Kuadrillakoekin ere gustura ibili nintzen, baina egun hori txaranga barruan itzela da. Nik gainera sanbartolomeak beti bizi izan ditut txarangari lotuta. Parrandan irtetzen hasi nintzenerako txarangako kide nintzen, eta nire betiko kuadrilla eduki arren, sanbartolomeetan txarangakoak ibiltzen ginen parrandan.
Saxofoiari lotuta bizi zara, baina dultzaina ere jotzen duzu eta Elgoibarko dultzaineroen taldeko kidea zara. Txomin Mujikak esan zuen zurekin loteriako sari nagusia tokatu zitzaiela.
Umetatik gustatu izan zait dultzaina. Erraldoiak irteten zirenean dultzaineroen ondoan joaten nintzen beti, eta soinu hori barruraino sartzen zitzaidan. Hala ere, ez nuen ikusten niretzako instrumentu bezala, eta ez nion kolpe egin, Euskadiko Gazte Orkestrara iritsi nintzen arte. Uda bat egin nuen Gazte Orkestran eta fagota jotzen zuen mutilak, dultzaina ere jotzen zuen. Iruñeko dultzaineroetako bat zen, eta egun batean dultzainak ekarri zituen. Taldetxo bat bildu ginen berarekin, eta han hasi ginen dultzaina jotzen ikasten. Musikenen nenbilen ordurako, eta hurrengo urtean bera ere sartu zen. Hilean behin geratzen ginen eta dultzaina eskolak ematen zizkidan. Hasieran nire kabuz jotzen ibiltzen nintzen, parrandetan eta ekitaldiren batean, baina Victor Zubiaurre gaixotu zenean, ordezko bila hasi ziren. Txomin Mujikak bere etxera gonbidatu ninduen, eta horrela hasi ginen elkarrekin jotzen.
Musikari lotuta bizi zara. Zer da zuretzako musika?
Dena, nire bizimodua. Musika da nire bizitza eta ez dut ulertzen bizitza musikarik gabe. Ez dakit musikarik gabe bizitzen, eta badaukat sortzeko beharra. Ikusle moduan inbidia pasatzen dut kontzertuetan; oholtzara igo eta jotzen hasteko gogoa sartzen zait. Berriz jaioko banintz ere, musikari izatea aukeratuko nuke, zalantzarik gabe. Lanbide gogorra da, sakrifikatua, lehiakorra, baina ez naiz damutzen hartu nuen bideaz.
Bazoaz Elgoibarko Musika Eskolatik, eta agur jaialdian bertso bat kantatu zizuten ikasle eta irakasleek. Faltan botako zaituztela esan zizuten behin eta berriro. Arrastoa lagata zoaz Bilbo aldera. Erabakia hartua duzu.
Bai, etapa berri bat probatuko dut. Dena dela, Elgoibarko Musika Eskola oso esku onetan geratzen da. Sekulako lantaldea dago, eta ni bat gehiago izan naiz talde horretan; inoiz ez dut nire burua ikusi zuzendari edo nagusi moduan. Zuzendari pedagogikoa izanik beste ardura batzuk hartu behar izan ditut, baina beti saiatu naiz taldea batzen, giro ona sortzen, lantaldea egiten, eta hori guztia ikasleek igarri egiten dute. Musika Eskolan geratzen da Imanol (Garaizabal), eta hori bai dela musika eskolako motorra. Dudarik gabe bera izan da eduki ahal izango nukeen lankiderik onena. Musika Eskolako lokomotorea da. Zuzendaria, administraria, atezaina, konpontzailea, psikologoa... Dena da Imanol. Eta gainerako irakasle guztiak ere, ikaragarriak dira. Nire ordezkoa Leire Martin izango da, Larrabetzuko neska gazte bat, oso jatorra, eta seguru nago lan ona egingo duela. Zuzendari pedagogiko moduan Beñat Isasti geratuko da, zarauztarra eta oso balekoa. Musika eskolaren norabidea zaintzea da zuzendari pedagogikoaren ardura nagusiena.
Musika Eskolak herriko beste eragile askorekin elkarlanean dihardu, eta horietako ekintza asko zuk gidatu dituzu. Herrigintzan oso aktiboa zara, beti elkarlanerako prest. Nola ulertzen duzu herrigintza?
Asko kostatzen zait ezetz esatea, denari bai esatekoa naiz, eta hori askotan kontra etortzen zait. Gogoratzen naiz Montpellierren nengoela etorri nintzela Elgoibarrera oporretan, eta denekin kunplitu nahi izaten nuela: Taupadan ere banenbilen orduan, txaranga, senideak, lagunak... Azkenean ez nuen atsedenik hartzen. Neurria hartu behar zaio guztiari. Baina herrigintza garrantzitsua dela iruditzen zait, eta alor horretan Elgoibarko Izarrari asko zor diot. Atxutxiamaikan hasi nintzen hezitzaile moduan, eta han ikasi nuen zein garrantzitsua den herriarentzat lan egitea. Azkenean, lan egiten duzunean, emaitza bueltan etortzen da eta konturatu nintzen zelako gauza politak egin daitezkeen elkarlanean. Nire bizitzan gaur egun aplikatzen ditudan gauza asko Atxutxiamaikan ikasi nituen, eta ez dakizu zenbat pozten naizen nire ikasleek esaten didatenean udan Atxutxiamaikan lan egingo dutela. Bizitzarako oso eskola ona da Atxutxiamaika.
Bilbon etapa berria hasiko duzu, baina zertan zehazki?
Bilboko Udal Musika Bandara noa. Aspalditik egin izan ditut kolaborazioak beraiekin, eta lan poltsan nengoen. Ordezko bat behar izan dutenean deitu izan didate, baina egonkortasun askorik gabe ibili izan naiz. Oraindik ere ez dut plaza finkorik, baina epe ertain baterako lana izango dut, eta probatzera noa. Horrez gain, interprete moduan lan egiteko gogoa ere badaukat, irteten zaizkidan proiektuetan. Alor hori indartu nahi dut. Momentuz banoa Elgoibartik, baina ez naiz desagertuko. Orain guraso moduan jasan beharko naute musika eskolan!
Musika Eskolak 40 urte bete ditu. Zer da Inazio Bereziartua musika eskola Elgoibarrentzat?
Musikarien harrobia da. Elgoibar, musikari dagokionez, oso herri aberatsa da, eta horren arrazoietako bat musika eskola da. Banda daukagu, txaranga, eta orain EME (Elgoibarko Musikarien Elkartea) barruan musika talde pila bat, eta kalitatezkoak. Musika Eskola barruan badaukagu helburu bezala jarrita musika talde horien bermea izatea, biziraun dezaten. Eta ni neu ere ez nintzateke izango gaur naizena musika eskolarik gabe. Sekulako lana egin du musika eskolak 40 urtean, eta belaunaldi asko pasatu dira handik. Zorionez, osasuntsu dago eta etorkizun ona ikusten diot.