Inazio Bereziartua musika eskolakoen koro jaialdia egin zuten, maiatzaren 30ean, Elgoibarko Herriko Antzokian, eta antzokia txiki geratu zen. Koroko lehenengo eta bigarren mailako ikasleek eta Korunahia eta Gaztenahiako kideek hartu zuten parte Silvia Hernandezen zuzendaritzapean. Betisua txarangak eta musika eskolako beste hainbat musikari ere aritu ziren euren lanean, Aitor Novak zuzenduta.
Betisua txarangak zabaldu zuen kontzertua, Korunahia eta Gaztenahiako kideekin. Musika Gaua kontzertuan egin zuten moduan, Kalakan taldeak ezagun eginiko Aldapeko abestia interpretatu zuten eta kantuan aritu ziren Maddi Arrieta, Itsaso Alberdi eta Lia Aierbe. Jarraian etorri ziren gainerako kantak. Filmetako soinu bandetan oinarritu zuten jaialdia, eta filmetako abesti ezagunak kantatu zituzten taldeka. La Sirenita, Mamma Mia, Vaiana... Amaieran, El Rey Leon filmako hainbat kanta abestu zituzten denek elkarrekin.
Tarte batean Silvia Hernandezek hartu zuen hitza, eta Aitor Novari prestatutako sorpresa aurkeztu zuen. Datorren urtean ez da Inazio Bereziartua musika eskolan izango Nova, eta bertso bat kantatu zioten, agur esateko. Hunkituta geratu zen musika eskolako zuzendari eta saxofoi irakasle dena, eta negar malkotan eskerrak eman zizkien guztiei. Jagoba Arrasateren aipu bat erabili zuen despedida moduan, eta esan zuen ez dagoela triste badoalako, baizik eta pozik dagoela Inazio Bereziartua musika eskolako parte izan delako. Lankideen eta ikasleen jarrera goraipatu zuen Novak, eta musika eskolan egiten den lan izugarria nabarmendu zuen.
Musika Eskolan familia osatu dutela aipatu zuen Novak, eta familia hori osatzea ahalbidetu duen ekimenetako bat da Barriara egiten duten irteera. Azken urteetan asteburu pasa joaten dira ikasle eta irakasleak Barriara, koro jaialdia prestatzeko. Apirilean joan ziren aurten, eta han bizitakoaren bideoa ere erakutsi zieten Herriko Antzokiko ikusleei.
Amaieran, Imanol Garaizabal zuzendariak eskerrak eman zizkien ikusleei, irakasleei eta ikasleei, erakutsitako jarreragatik.