Paula eta Iker Calvo neba arrebek emaitza onak eskuratu dituzte Espainiako Igeriketa Txapelketan

Barren 2024ko eka. 27a, 12:43

Espainiako igerilari onenak batu ziren joan zen asteburuan Palmako Son Hugo igerilekuetan jokatu zuten Espainiako txapelketan. Parisko Olinpiar Jokoetara joateko azkeneko aukera zen igerilarientzat, baina gutxieneko denboraren azpitik egin behar zuten igerian horretarako.

Bi igerilari elgoibartarrek hartu zuten parte, Paula eta Iker Calvo Villalobos neba-arrebek: Eibar Igerixan taldea ordezkatuz lehenak; eta, Getxo Igeriketa Bolue taldeko kide moduan bigarrenak. 

14 urte besterik ez dituen Paulak 50, 100 eta 200 metroko probetan lehiatu zen, estatuko igerilari onenen aurka. Bizkar-estiloko 200 m-ko proban moldatzen da hobekien, duela gutxi esaterako bere kategoriako Europako Txapelketan lehiatzeko gutxienekoa lortu zuen distantzia horretan, Gipuzkoa Open Sarian. Espainiako Txapelketan zazpigarren seriean egin zuen igerian 200 metrokokoan, eta bosgarren postuan sailkatu zen, 02:20.68ko denbora eginda. B mailako finalerako sailkatu zen eta txapeldunorde izan zen 02:17.72ko denborarekin; bere marka pertsonala eginda. Europako Txapelketa absolutua jokatzeko gutxienekotik oso gutxira gelditu zen; eta, gainera, hamargarren postua eskuratu zuen maila absolutuan. 
Parisen egon ahal izateko gutxieneko marka (02:10.39) urrunxeago geratu zitzaion Paulari. Berak igeri egin zuen seriean bigarren egin zuen Estrella Tonrath igerilariak lortu zuen gutxienekotik beherako denboran igeri egitea: 02:09.95 [Kylie Masse kanadiarrak irabazi zuen serie hori, behean duzue lasterketa bideoan]. Gainerako serietan beste bi igerilarik lortu zuten gutxienekoa, Carmen Weilerrek eta Africa Zamoranok. Espainiako selekzioak, baina bi igerilari bakarrik eraman ditzake Parisera distantzia horretan, eta Palman jokatu zuten 200 metroko finalean erabaki zen gutxienekoa lortu zuten hiru igerilarietatik nor geldituko zen kanpoan. Espainiako errekorra ondu zuen finalean Carmen Weilerrek (02:08.89), eta bigarren eginda Zamoranok lortu zuen olinpiar jokoetarako bigarren txartela. 

 


Infantilen Gipuzkoako Txapelketako igerilari onena

Paula Calvorentzat esperientzia "izugarria" izan da Parisko Olinpiar Jokoetara joateko lehian ari ziren igerilariekin batera lehiatzea. Urduri egon zela aitortu du, baina baita asko ikasi duela ere. Palmara joan aurretik, urrezko lau domina irabazi zituen Tolosan jokatutako infantil mailako Gipuzkoako txapelketan: estilo libreko 100, 200, 400 eta 800 metroetako lasterketetan. Gainera, txapelketa osoko igerilari onena izendatu zuten.

Bizkaiko errekorrak ondu ditu Iker Calvok Espainiako Txapelketan

Ikerrek ere emaitza bikainak eskuratu zituen Espainiako Txapelketan. Bosgarren postuan sailkatu zen bizkar-estiloko 50 m-ko proban, junior mailan, 26.91ko denborarekin. Bizkaiko errekorra ezarri zuen denbora horrekin, baina ez bere kategoriakoa bakarrik; errekor absolutua da. Horrez gainera, lau estiloetako 4 x 100 m-ko errelebo-proba jokatu zuen Getxoko taldekideekin batera (beheko argazkian), eta hor ere Bizkaiko errekor absolutua ondu zuten, 03:56.47ko denbora eginda.