Fakturazioaren %90 baino gehiago nazioarteko merkatuetatik lortu dute, eta %9tik gorako inbertsioa I+G+Bn (28 milioi euro baino gehiago). Oharrean diotenez, inbertsio horretan ez du alde batera utzi bere inguru hurbila ere, eta beraien plan estrategikoan jasota duten moduan, bere lurraldean aberastasuna eta enplegua sortu ditu.
Zentzu horretan, kooperatiben egoitza nagusietako instalazioen modernizazioa, egokitzapena eta handitzea ahalbidetu dituzte. Soraluceren muntaketa planta berria inauguratu zuten 2023an, eta plantak LEED Ziurtagiria (Energia eta Ingurumen Diseinuko Lidergoa) lortu du. Danobatek ere 2024an inauguratutako planta berri bat dauka, eta Goimek ere 50 milioi eurotik gorako inbertsio planean sartuta dago.
Nazioartean, 2023an Shangain bikaintasun zentro berri bat ireki izana nabarmendu dute. Txina, Estatu Batuak, Alemania, Italia eta Mexiko dira gaur egun taldea kokatuta dagoen merkatu nagusiak.
Ingurumen inpaktua
Ingurumen inpaktua murrizteko egin dituzten jarduerak ere jaso dituzte memorian. Beste neurri batzuen artean, dituzten lantegi eta plantetako estalki gehiagotan plaka fotovoltaikoak jartzen jarraitzea aipatzen dute. Guztira, 4.160 panel instalatu dituzte orain arte, eta kontsumitzen duten energiaren %20 iturri horretatik etorritakoa izatea lortu dute. Horrez gain, milioi bat euro baino gehiago inbertitu dute kanpoaldean eguzki baratze bat jartzeko. 2025erako martxan izatea aurreikusten dute. "Ekintza horiek adibide dira energiaren heren bat autokontsumorako energia berriztagarriaren sorkuntza propiokoa izateko helbururantz aurrera egiteko", azaldu dute.
Era berean, taldea "nabarmen aurrera egiten" ari da etorkizunari begira deskarbonizazio plana sortzeko, taldeko kooperatiba gehienek 2023an egindako karbono aztarnaren hiru irismenen neurketaren babespean. Danobatgroupeko enpresen produktuek ingurumenean duten inpaktuari dagokionez, azpimarratzekoa da 2023an Soraluceren lau makina modelo berrik Ekodiseinuko ziurtagiria eskuratu dutela, eta gaur egun 27 modelo daudela guztira ziurtagiri horrekin.
Gainera, 2023an Danobatgroupen Mugikortasun Planaren lehen ekintza gauzatu zuten: langileen artean auto partekatuaren erabilera bultzatzeko eta areagotzeko aplikazio bat sortu zen.
Pertsonak eta kudeaketa eredua
Arlo sozialean, bestalde, Danobatgroupek 2021-2024 aldirako azken Plan Estrategikoan kalitatezko enplegua sortzeko jarritako helburuak bete zituen, eta urtetik urtera trebakuntza handiko gero eta profesional gehiago ditu, jada 1.462 laguneko plantilla baitu mundu osoan.
Jasangarritasunarekin duen konpromisoa ere azpimarratu di kooperaibak. Hiru urtean 1,5 milioi euro baino gehiagoko ekarpena egin diete izaera sozialeko ekimenei, 200 erakunde baino gehiagori.
Era berean, taldeak Elkarrekin Eragin programa parte hartzailea garatzen jarraitzen du. Programa horretan, erakundeko pertsonek ingurunean eragin positiboa duten lankidetza proiektuak proposatzen eta aukeratzen dituzte. 2023an bukatu zuen programa horren bigarren edizioa, eta 523.000 euro eman zituzten hiru erakunderi laguntzeko. Laguntza programaren 2024-2026 ziklorako hautaketa prozesua ere abiatu zuten.
Ildo horretan bertan, taldeak tokiko hornitzaileen aldeko apustua egin zuen, eta gaur egun bere hornitzaileen %80 estatukoak dira eta %70 Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroakoak.
Era berean, arreta berezia eginda belaunaldien artean eta, bereziki, emakumeen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeari, 2023an taldeak Mondragon City Challenge, ZTIM Hub, Zienzia Azoka, Bizilabe, Gladys Sariak, Ada Byron sariak, IMH sariak edo GAL/MAL Mondragon sariak babestu zituen, eta 2024an First Lego Leaguerekin beste lankidetza bat lantzen aritu zen.